Durangoko Azokaren 60. edizinoko spota ikusgai dago jada. Ideia sinple baina indartsu batetik sortu da: Durango mugimenduan dago. Holan azaldu dau Iratxe Reparaz Durangoko Azokako aurtengo irudiaren sortzailea eta spotaren sorkuntza zuzendariak: “Azokaren 60 urteko ibilbidea irudikatzeko, pieza bisual bat sortu dogu, non dantzari batek, gorputzaren bitartez, bide hau zer izan dan interpretatzen dauan; egokitzen da eta eraldatzen da”.
Holan, baltzez jantzitako dantzariak, kolorez betetako Durangoko Azokaren kartelen artean bidaia egiten dau, bisitariak Azokara doanean bizi dauan esperientziari erreferentzia eginez. Iragarkiaren kontzeptua tentsino poetikoan alkarregaz bizi diran ideia biren ingurukoa da: mugimendua eta irmotasuna. Izan be, nahiz eta azoka aldatu, egokitu eta sorkuntza-modu barrietara zabaldu, bada zeozer bere horretan jarraitzen dauana: garena, gure sustraia, gure nortasuna.
Muga Ekoiztetxeak grabau dau aurtengo spota. Aitor Aranguren arduratu da zuzentzeaz eta Iratxe Reparaz sortzaileak garatu dau zuzendaritza artistikoa. Musika eta soinua Pello Reparazek sortu dau, eta spoteko protagonista dan dantzaria, DAB dantza konpainiakoa da.