Arriskua atzean itxi dau Athleticek Oviedon (1-2)

Talde bilbotarrak bueltea emon deutso lehenbiziko aldiz markagailuari aurtengo ligan
Oihan Sancetek sartu dau lehoien bigarren gola / Athletic Club

Athleticek 1-2 irabazi deutso Real Oviedori Asturiasen eta garaipen bi kateatu ditu ligan bost hilabete eta gero. Ganera, lortutako hiru puntuei esker, talde zuri-gorriak sailkapenaren behekaldea atzean itxi dau. Bigarren maila bederatzi puntura dago momentu honetan; Europa, laura. Ganera, aspaldiko partez, partidu bakarreko astea eukiko dau talde bizkaitarrak, Elcheren aurkako hurrengo partidua behar dan moduan prestatu ahal izateko.

Yuri Berchiche eta Oihan Sancet hasierako hamaikakora itzuli dira zuzen-zuzenean, euren lesinoak atzean itxi eta gero. Beraz, ezagutzeko moduko hasierako hamaikakoa zelairatu dau Txingurrik. Dana dala, Jesus Areso ordezko jokalarien artean egon da barriro be. Horren harira, Andoni Gorosabelek hartu dau bere tokia zelaian. Kontuak kontu, Athleticek ez deutso ondo ekin partiduari. Parekotasuna nagusi izan arren, Oviedok sartu dau lehen 45 minutuetan egondako gol bakarra. Aaron atezainak luze jokatu dau eta, Reinak eta Viñasek baloia buruagaz ikutu ostean, Ilyas bakar-bakarrik gelditu da Unai Simonen ate aurrean. Jokalari marokoarrak ez dau hutsik egin eta etxeko taldea aurreratu dau markagailuan lehen zatia amaitu aurretik.

Valverdek arbola astindu dau atsedenaldian. Nico Serrano aldagelan gelditu da eta Robert Navarrok bere tokia hartu dau zelaian. Erakustaldirik emon ez arren, bigarren zatian ikusi dogun Athletic lehen zatian ikusi doguna baino hobea izan da. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena bete aurretik, Mikel Jauregizarrek partidua bardindu dau areaz kanpotik egindako jaurtiketa bati esker, baina jokaldi berean lesionatu da. Golak indarra emon deutso Athletici. Handik gitxira, 71. minutuan, Iñaki Williamsen erremateak Carmoren eskuan jo dau eta Mateo Busquets epaileak penaltia adierazo dau. Oihan Sancetek hartu dau jaurtitzearen ardurea eta nafarrak ez dau hutsik egin. Sartutakoa bere bigarren gola da aurtengo ligan, lehena abuztutik. Azken minutuetan, ikusi dogu zergaitik dan Oviedo ligako azken sailkatua. Asturiasko taldeak ez dau arriskurik sortu azken jokaldietan eta Athleticek hiru puntuak eskuratu ditu. Ondorioz, talde bilbotarrak bueltea emon deutso lehenbiziko aldiz markagailuari aurtengo ligan.

Hirugarren garaipena kateatzeko aukerea

Levante eta Oviedo atzean itxi eta gero, Elche eta Rayoren kontra jokatuko dau Athleticek orain ligan, Errege Kopako finalaurrekoaren bigarren partiduari ekin aurretik. Esan bezala, talde bilbotarrak aste osoa eukiko dau Elcheren kontrako norgehiagoka prestatzeko, ez daualako partidurik eukiko astean zehar. Halanda be, norgehiagoka barikuan bertan izango da, 25. jardunaldiko lehena, gaueko 21:00etan San Mamesen. Lehoiek hiru garaipen kateatu gura dabez ligan, Europako postuei begira jarteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00