Athleticek garaipen bategaz esan deutso agur denboraldiari (0-1)

Unai Simonek Zamora garaikurra lortu dau, Athleticeko atezain batek 1970etik lortzen ez eban saria
Athleticeko jokalariak Nico Williamsek sartutako gola ospatzen / Athletic Club

Athleticek denboraldiko azkenengo hiru puntuak eskuratu ditu Vallecasen. Nico Williamsek zuri-gorriek partiduan eukitako gol aukera garbienari probetxua atera deutso garaipena lortzeko (0-1). Gainera, Unai Simonek Zamora garaikurra eskuratu dau. Atezain arabarrak 60 minutu jokatu dauz golik jaso barik. Zamora saria irabazten dauan Athleticeko bosgarren atezaina da. Aurretik, Blascok, Echevarriak, Lezamak eta Iribarrek irabazi eben.

Unai Simon, noski, hasierako hamaikakoaren parte izan da. Partidua hasieratik jokatu daben jokalarien artean, Dani Garcia, Asier Villalibre eta Mikel Jauregizar izan dira nobedade nagusiak. Lehen zatian, Athletic ez da fin ibili. Egondako gol aukera guztiak Rayorenak izan dira eta Unai Simonen Zamora garaikurra arriskuan egon da. Dana dala, Rayoko aurrelariak ez dira fin ibili errematatzerako orduan.

Egindako lehen zati txarra ikusita, Ernesto Valverdek aldaketa hirukotxa burutu dau atsedenaldian. Txingurrik Yeray, Villalibre eta Jauregizar kendu eta Vivian, Raul Garcia eta Unai Gomez zelairatu ditu. Athleticen errendimendua nabarmen igon da bigarren zatian. 60. minutuan, Unai Simonek Zamora saria berretsi dau eta Julen Agirrezabala bere ordez sartu da partiduan. Aldaketa eta gero, lehoiak gol aukerak sortzen hasi dira. 67. minutuan, Alex Berenguer eta Nico Williamsen artean egindako jokaldi batean, Williams anai txikiak garaipenaren gola sartu dau. Dana dala, albiste txarrak be izan dira bigarren zatian. Yuri Berchichek partidutik urten behar izan da, sorbaldan luxazino bat pairatu eta gero.

Beraz, Vallecasen lortutako hiru puntuekaz esan deutso agur Athleticek 2023/2024 denboraldi historikoari. Lehoiek ligako bosgarren postua eskuratu dabe, 68 puntukaz, eta Errege Kopa irabazi dabe. Gainera, Unai Simonek Zamora garaikurra irabazi dau, Jose Angel Iribarren erreleboa hartuta. Orain, atsedena hartzeko garaia heldu da Athleticeko kideentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular