Athleticek mamuak uxatu ditu behin betiko (1-0)

Lehoiek sufridutako garaipena lortu dabe Osasunaren kontra eta Europan jokatzeko burrukan murgildu dira barriro
Gorka Guruzetak sartu dau partiduko gol bakarra / Athletic Club

Athleticek urrezko garaipena lortu dau Osasunaren kontrako derbian San Mamesen eta azken asteetan agertutako mamuak uxatu ditu behin betiko (1-0). Gorka Guruzetak sartutako golari eta Unai Simonek egindako geldiketei esker, Athletic 41 puntukaz kokatu da sailkapenean, bederatzigarren postu erosoan, Europatik hiru puntura. Ganera, atea hutsean itxi dabe zuri-gorriek lehenbiziko aldiz abenduaren 6tik ligan.

Azken partidutik aldaketa batzuk egin arren -Oihan Sancetek aulkian hasi dau partidua-, hasierako hamaikako ezaguterraza zelairatu dau Ernesto Valverdek. Athletic ondo sartu da partiduan eta norgehiagokaren kontrola bereganatu dau hasieratik. Horren adibide da lehen zatian egondako erremate guztiak Athleticek egin dituala. 5. minutuan, Victor Garcia epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazo dau, baina VARak bertan behera itxi dau Lucas Torroren eskua. Kontuak kontu, saria euki dauan erremate bakarra Gorka Guruzetak egindakoa izan da, 16. minutuan Sergio Herreraren aldaratze bat aprobetxatuta.

Dana dala, partiduaren gidoia nabarmen aldatu da atsedenalditik bueltan. Gorritxoek aurrerapauso esanguratsua emon dabe eta partidua bardintzeko aukerak euki dabez. 57. minutuan, VARak monitorera bialdu dau epailea eta Victor Garciak penaltia adierazo dau oraingo honetan, baloiak Yerayren eskuan jo daualako. Dana dala, Unai Simonek bikain gelditu dau Budimirren jaurtiketa, bere erakustaldiari hasiera emonda. Izan be, aitatutakoa ez da atezain arabarrak egindako geldiketa on bakarra. Minutu batzuk beranduago, sekulako eskua atera dau Budimirrek buruz egindako beste erremate batean eta baloia zutoinera bialdu dau, Osasunaren gola ekidituz.

Athleticek asko sufridu dau azken minutuetan, tartean lesinoak agertu diralako. 75. minutuan, Laportek zelaia itxi behar izan dau eta, sei minutu beranduago Yuri Berchichek aldaketa eskatu dau. Ganera, Mikel Jauregizarrek txartel gorria ikusi dau zortzi minutuko luzapenaren hasieran eta Yeray zelaian mantendu da arazo fisikoekaz, aldaketak agortuta egoazalako. Sufriduta, baina Athleticek beharrezko garaipena lortu dau eta baikortasunez egingo deutse aurre ligako azken sei partiduei. Hurrengo hitzordua Atletico Madrilen kontrakoa izango da zapatu honetan bertan, apirilaren 25ean. Norgehiagoka gaueko 21:00etan hasiko da Metropolitano estadioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00