Esku hutsik Metropolitanotik, ia beti lez (3-2)

Athletic aurreratu egin da markagailuan lehen zatian baina Atleticok bost minututan irauli dau markagailua bigarrengoan
Nico eta Iñaki Williamsek ez dabe arriskurik sortu eta entrenatzaileak kendu egin ditu bigarren zatian / Athletic Club

Athleticek ezin izan dau punturik lortu Atletico de Madriden zelaian eta beste behin be galdu egin dau talde koltxoneroaren aurka. Zuri-gorriek aukera bikaina galdu dabe Europarako postuetara hurreratzeko. Jokoari jagokonez Ernesto Valverderen taldeak gauza gitxi erakutsi dau erasoan. Horregaz batera, zuri-gorriak oso bigun aritu dira atzealdean eta Simeoneren taldeak gauza gitxi egin behar izan dau Unai Simonen atea zulatzeko.

Atletico de Madridek Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joaneko partidua jokatuko dau datorren eguaztenean. Hori dala-eta, ustez behintzat, une aproposa zan zeozer lortzeko Metropolitanon. Ernesto Valverdek aldaketa batzuk egin dauz hasierako hamaikakoan. Paredes eta Vivian jarri ditu atzealdeko erdialdean, Regok bete dau zigortuta egoan Jauregizarren hutsunea zelai erdian eta Unai Gomezek jokatu dau Guruzetaren atzetik. Sancet hamaikakotik kanpo itxi dau entrenatzaileak bigarren bider jarraian.

Gauzak ondo hasi dira bilbotarrentzat. Erasoan gauza gitxi egin arren -Williams anaiak oso makal ibili dira barriro be- etxeko taldeak be ez eban arriskurik sortzen Unai Simonen ate aurrean. Ganera, zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu dabe 22 minutuan Ruiz de Galarretak ederto ataratako korner baten Paredesek baloia sareetara bialdu dauenean. Hortik aurrera, etxeko taldeak aurrerapausua bat emon badau be, lehoiek ez dabe arazo handirik euki atsedenaldira heltzeko golik jaso barik.

Partidua goitik behera aldatu da bigarren zatiaren hasierako minutuetan. Izan be, koltxoneroek gol bi sartu ditue bost minututan, beste munduko ezer egin barik ganera, eta lehoien biguntasuna aprobetxatuz. Griezmanek sartu dau bardinketaren gola eta handik bost minutura Sorloth norvegiarrak aurretik ipini dau bere taldea markagailuan. Hortxe amaitu da partidua. Valverdek bost aldaketa egin ditu bardinketaren golaren bila aritzeko, baina zuri-gorriak ez dira gauza izan Oblaken atean aukera garbirik sortzeko. Simeonek, ganera, atzealdea indartu dau Le Normand zelairatuta eta Athleticeko jokalariak ez dabe zirrikiturik aurkitu koltxoneroek osatutako giza hesian.

Kontuak kontu, Athleticek galdu egin dau, barriro be, Atletico de Madriden zelaian. Halandabe, ligea amaitzeko bost jardunaldiren faltan, Valverderen taldeak bizirik ditu Europarako sailkatzeko aukerak. Horretarako, baina, zuri-gorrien jokoak hobekuntza nabarmena euki behar dau datorren zapatutik hasita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00