Bermeok hartuko dau domekan Bizkaiko Dantzari Eguna

Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenagaz bat dator

Datorren domekan, maiatzaren 17an, Bermeo euskal kulturearen eta dantzearen bihotz bilakatuko da beste behin. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatutako Bizkaiko Dantzari Eguna Bermeon egingo da aurten, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Ehunka dantzarik eta bisitari alkartuko dira herrian, Lamera kolorez, musikaz eta tradizinoz betez.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa egin da Bermeoko udaletxean, eta bertan izan dira, besteak beste, Jose Maria Oyarzabal Somolinos Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidentea, BBK-ko Koldo Bilbao, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua.

Bizkaiko Dantzari Eguna Bizkaiko dantzarien urteko hitzordu nagusietako bat da, eta Jose Maria Oyarzabal Somolinosek gogorarazo dauanez, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatutako taldeentzako topagune eta erakusleiho aparta bihurtzen da urtero. “Gitxi gorabehera hirurogeita hamar dantza taldek hartuko dabe parte aurtengo edizinoan, urte osoan zehar egindako lana eta prestaketa jentaurrean eskaintzeko”.

Hileetako entseguak, errepertorioaren lanketa, koordinazinoa eta ahalegina izango dira ikusgai Bermeoko Lameran prestau daben eszenatokian. Antolatzaileek nabarmendu dabenez, parte-hartzaileen konpromisoa eta ilusinoa izango dira eguneko ardatz nagusietako bat, edade edo esperientzia gorabehera. Era berean, ekitaldiak aukera emongo dau Bizkaiko dantza taldeen kalidade artistikoa eta gure folklorearen aberastasuna hurretik ezagutzeko.

Urtero, eskualdez eskualde egiten dan ekimen honek, euskal kulturearen transmisinoan eta sustapenean daukan balioa be azpimarratu behar dira, izan be, Dantzari Eguna belaunaldi barriei folklorea hurreratzeko eta herritarren artean euskal kulturarenganako atxikimendua indartzeko ezinbesteko hitzordua bihurtu da urteotan. Bermeok hirugarrenez hartuko dau Bizkaiko Dantzari Eguna. Aurretik, 1994an eta 2009an egin zan bertan. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azpimarratu dauanez, “ohore handia eta poza da” Bermeorentzat holango ekitaldi bat hartzea, eta batez be, Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenagaz bat etortzea. Alkateak Alkartasuna Dantza Taldearen lana eta ibilbidea eskertu gura izan dauz: “mende erdian egindako lana eredugarria eta miresgarria izan da. Zuen konpromisoari eta ilusinoari esker, gure dantzek bizirik dagoz eta herri honek bere nortasuna sendotzen jarraitzen dau”.

Aldaketak trafikoan eta mugikortasunean

Bizkaiko Dantzari Eguna dala eta, Bermeora jente asko joango dala aurreikusita, trafikoan eta mugikortasunean hainbat aldaketa eta neurri berezi ezarriko dira herrian egun osoan zehar. Helburua izango da ekitaldia ahalik eta modu seguruenean eta egokienean garatzea, parte-hartzaileen joan-etorriak errazteagaz batera, herritarren segurtasuna bermatuz.

Bizkaibus

Domekan, Bizkaibus zerbitzu guztiak Santamañe kaleko geltokitik urten eta bertara iritsiko dira.

Trafikoa

  • Autobus asko helduko dira Bermeora, 08:00etatik 10:30era. Ahal dan neurrian, ez erabili autorik goizean zehar.
  • Autobus gehienak Landabaso B poligonoan eta inguruetan aparkauko dabez (Atalde kalean). Beraz, egun batzuk lehenago inguru horretan ezin izango da ibilgailurik aparkau.
  • Artzako bidegurutzetik, Lamera, Portuzarra osorik eta Alde Zaharreko urteera zarratuta egongo dira zirkulazinorako, baita bertako aparkalekuak be, 10:00etatik 18:00etara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00