Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak Bilboko Herri Kirol Zentroa inaugurau dabe. Zentro hori Txurdinagako udal-kiroldegian dago, eta Euskadiko herri-kiroletako entrenamendu profesionaleko lehen zentroa da.
Diziplina anitzeko kirol-ekipamendu barria Bilboko herri-kiroletako lehen klubak, Txirrika Herri Kirol klubak kudeatuko dau, Bilbao Kirolak erakundearen laguntzeagaz. 846 metro koadroko azalera dauka, eta ekipamendu honeek daukaz: erabilera anitzeko pista bat, komun eta aldagela egokituak, fisioterapia-gela, harrera-gunea, bulegoa eta areto teknikoak, Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako sarbide bat eta ibilgailuentzako beste bat.
Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu dauanez, Bilboko Herri Kirol Zentroak herri-kirola garatzeko eta profesionalizatzeko erreferentziazko zentro bihurtzeko helburua dauka. “Herri-kiroletako irakaskuntzak, ikaskuntzak eta prestaketak mugarri historiko bat marketan dabe harribitxi txiki honegaz”, azpimarratu dau Aburtok inaugurazinoan.
Bestalde, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak adierazo dauanez, ametsa egia bihurtu da eta “gure herri-kirolek eta gure kirolariek badaukie erreferentziazko zentro bat, indarrak batzeko eta alkarlana sustatzeko”.