Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hainbat jarduera antolatu dabez errugbiko Europako finalak dirala eta. Maiatzaren 22ko eta 23ko Errugbiko Europako finalak dirala eta, Bilboko Kale Nagusian jarritako instalazino teknologiko, barritzaile eta parte-hartzailea dago, herritarrei errugbi partidu bat simuletan dauen esperientzia eskainiz, maiatzaren 23ra arte.
Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputadu Ainara Basurkok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kiroletako zuzendari Gorka Iturriagak eta Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotzi Kontxi Claverrek, errugbiko Europako finalen sustatzaile diran hiru euskal erakundeetako ordezkari lez, eguen honetan aurkeztu dabe kirol ekitaldiari lotutako parte-hartze eta interakzino elementu hau, San Mamesek partidu biak hartu aurretik astebete pasatxo falta dala. Instalazinoa astelehenetik domekara egongo da zabalik, 11:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Parte hartu gura dabenek aukeratu ahal izango dabe ze hizkuntzatan jokatu: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez.
Kale Nagusian, Foru Jauregiaren parean dagoan edukiontzi tematizadu honek errugbia teknologiaren eta parte-hartzearen eremura eroaten dau. Aurkezpenean azaldu dabenez, “euskal herritarrentzako eta bisitarientzako esperientzia teknologikoa” da, kirol ekitaldia ospatu baino egun gitxi lehenago errugbiaren esperientzia lehen pertsonan bizi izateko. Bertara hurreratzen diranak pantaila bertikal handi baten aurrean parauko dira, euren avatarra aukeratu eta partida labur bati hasierea emongo deutse.
Bestalde, Doña Casilda parkeko pergolearen inguruan egongo dan Champions Rugby Village fan zone ofizialak pantaila erraldoi bat izango dau, eta bertan final biak emongo dira. Champions Rugby Village maiatzaren 22an eta 23an egongo da zabalik, 11:00etatik 01:00etara eten barik. Bertan, doako animazino, musika, kirol eta kultura jarduerak eskainiko dira, baita final bien emonaldia be, pergolearen inguruan ipiniko dan pantaila erraldoian.
Maiatzaren 22an, barikuan, 11:00etan zabalduko da gunea. 12:30etik aurrera Sama Siku txarangearen kale-girotzea hasiko da, eta barriro joko dau 15:00etatik 17:00etara. Aldi berean, 13:00etatik 19:00etara, Elorrio Rugby Taldeak antolatutako kirol jarduerak egingo dira: kontaktu bako errugbi partiduak, pase luze eta laburren erronkak eta ostikada taktikoak. 17:00etatik 19:00etara Oxabi taldearen kontzertua izango da, eta amaitutakoan, 19:00etan, finala hasi baino bi ordu lehenago, San Mameserako kalejirea antolatuko da Ondalaneko Erraldoi eta dulzaineroekin batera. 21:00etan EPCR Challenge Cup finala emongo da pantaila handian. Gaua musikeagaz jarraituko dau 23:00etatik 01:00etara.
Maiatzaren 23an, zapatuan, 11:00etatik 15:00etara barriro egingo dira Elorrio Rugby Taldearen kirol jarduerak. Era berean, 11:00etatik 13:00etara Ondalaneko Erraldoiak euren konpartsagaz eta dulzaineroakaz ibiliko dira kaleetan; eta 13:00etatik 14:30era Sama Siku txarangearen emonaldia izango da. 14:30ean San Mameserako urtekerea egingo da txarangagaz batera, eta 15:45ean Investec Champions Cup finala emongo da. Programazinoak Oxabiren kontzertuagaz jarraituko dau 18:30etik 20:30era, eta ostean DJ saioa izango da (Estrella Electrónica), 20:30etik 22:30era.