Athleticek Bizkaiko bira bategaz hasiko dau aurredenboraldia

Hasierea garagarrilaren 15ean izango da Portugaleten, Derioren aurka
Lagunartekoen ordutegiak / Athletic Club

Athleticen proiektu barriak, Edin Terzicen gidaritzapean, bere lehen konpasetarako bide orria dauka. Talde zuri-gorriak gertutasunaren aldeko apustua egin dau, eta Bizkaiko hainbat txokotan zehar ibiliko dan lagunarteko bira ilusionagarri batekin abiatu dau prestaketa egutegia. Udako bira txiki hau aukera ezinhobea izango da athleticzaleek lehoien lehen minutuak belar ganean gozatzeko eta teknikariaren ideia taktiko barriak gertutik ikusteko.

Hasiera garagarrilaren 15ean izango da Portugaleten. La Florida futbol-zelaian jokatuko da denboraldiaurreko lehen partidua. Bertan, Athleticek CD Derioren aurka neurtuko ditu indarrak 19:30etik aurrera. Hiru egun geroago, garagarrilaren 18an, talde zurigorria Sarrienako instalazinoetara joango da (Jose Ignacio Azkueta zelaian) SD Leioa taldearen aurka jokatzeko. Topaketak ñabardura berezia izango dau, Leioako herriaren 500. urteurrena ospatzeko balioko daualako. Hitzordua 19:30ean be izango da. Lehen bidaia honi amaierea emoteko, zurigorriek Bizkaiko futbol zelai sendoenetako bat bisitauko dabe: Las Llanas. Bertan, Sestao River taldea izango dabe zain garagarrilaren 22an, lagunarteko derbien trilogia hau zarratzeko.

Lagunartekoen egutegia:

Garagarrilak 15, eguaztena: CD Derio – Athletic Club (La Florida, Portugalete | 19:30ean)
Garagarrilak 18, zapatua: SD Leioa – Athletic Club (Sarriena, Leioa | 19:30ean)
Garagarrilak 22, eguaztena: Sestao River Club – Athletic Club (Las Llanas, Sestao | 19:30ean)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00