Eleizbarrutiko irration aitormenak geure ibilbidea ospatzeko, ‘100 Irrati Urte’ ekitaldian

Geure nortasun ikurrakaz bat egin daben pertsona eta erakundeei autortzea egingo jaken ekitaldira konbidetan zaitugu
100 Irrati Urte / Bizkaia Irratia

Eleizbarrutiko irratiok ospakizun betean gagoz, eta zu be geugaz egotea gura dogu! Bilboko Herri Irratiaren 65. denporaldia amaitzear dago, eta 1990ean sortutako Bizkaia Irratia, barriz, 35. denporaldiaren amaierara heltzen dabil. Bilboko eleizbarrutiko irrati bion ibilbidea alkarregaz ospatzeko, euren historiari autortzea egiteko eta etorkizunari begira topa egiteko, bagilaren 30ean, martitzenez, 100 Irrati Urte ekitaldia egingo da Bilboko BBK Aretoan. 

Irrati bien urteak batu dira ekitaldiari izena emoteko, 100 Irrati Urte, eta ekitaldian irration hasierako eta gaur egungo nortasun ikurrekin bat egiten daben pertsona eta erakunde batzuei aitormena egingo jake: euskerea, eleizea, gizartea, kulturea, kirola eta abar. Eta, jakina, ezin zaituegu zuek ahaztu. Entzuleok izan zarie urteotan gure bidelagun onenak, eta horregaitik, urteurren berezi hau zeuekaz batera ospatu gura dogu. Ekitaldira etorri gura badozu, deitu 944 466 800 telefonora bagilaren 29an, 09:00etatik 14:00etara eta emon izena. Deitzen daben lehenengo 10 pertsonek sarrera bina izango dabe.  

100 Irrati Urte Aitormenak

Irration historian oinarrizkoak izan diran balioekin bat egiten daben pertsonen eta erakundeen lana aitortu gura izan dogu.

Juan Mari Iraolagoitia Saria

Juan Mari Iraolagoitia Aitormena Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarriak jasoko dau. Euskerearen alorreko hizkuntzalari, filologo eta dibulgatzaile garrantzitsuenetako bat da. Bere ibilbide profesionala ikerketeari, irakaskuntzeari eta euskerearen sustapenari lotuta egon da beti. Bereziki, bizkaierearen inguruko aditu eta erreferente nagusietako bat da, eta izen handia dauka arlo akademikoan zein hizkuntza-dibulgazinoan.

Beragaz batera egingo jako aitamena Janire Atxurrari, Aulestin jaiotako eduki-sortzaile digital, idazle eta kultura-dibulgatzaileari. Sare sozialetan egiten dauen lanari esker, batez be TikToken, gazten artean euskerearen erabilerea n sustatzen dauen ahots ezagunenetako bat bihurtu da.

Biek jasoko dabe Juan Mari Iraolagoitia Saria, Bilboko Herri Irratian euskerazko emonaldiaren lehen arduraduna eta Bizkaia Irratiko zuzendaria izan zanaren izena daroana.

Bizkaitik Bizkaira Saria

Sari hau entzule askori ezaguna egingo jatzue, zeuek izan zarielako, zeuen botoen bidez, Bizkaiko udalerririk onena aukeratu dozuenak. Eta arrazoiak be zuek emon dozuez: paisaia, giroa, alaitasuna, bertako jentea, zerbitzuak eta herri bakotxari balioa emoten deutsien beste hainbat ezaugarri. Zeuen eretxiari esker erabagi da aurtengo Bizkaitik Bizkaira Saria.

Jose Iragorri Saria

Gure irratietako lankiderik maitatuenetako baten izena daroa kirol arloko sari honek. Langileen eta Bizkaiko herritarren artean oso estimatua izan zan Jose Iragorri, eta haren omenezko saria aurten Iñigo Lekuek jasoko dau. Athleticeko jokalariak talde zuri-gorrian egin dau bere ibilbide profesional osoa, eta klubaren balio historikoak bikain ordezkatzen ditu: konpromisoa, moldakortasuna eta taldearekiko atxikimendua. Danok Baten hasi zan futbolean, eta gero Athleticen harrobian egin eban aurrera, Basconia eta Bilbao Athleticetik igaro ostean. 2015eko abuztuan egin eban debuta lehen taldeagaz.

Geureaz Harro Saria

Agus Barandiaran euskal musika garaikideko trikitilari eta konpositore nabarmenenetako bat da. Gatxa da haren doinuak inoiz dantzatu ez dauanik topetea. Tradizinoa eta gaur egungo doinuak buztartzeko daukan gaitasunari esker, urte luzez euskal kulturea munduan zabaltzen jardun dau musikearen bidez, eta gaur egun Europako folkaren erreferenteetako bat da.

Txikitatik izan eban trikitixagaz hartu-emon estua. Hazitako landa-inguruneak eta familiatik jasotako musika-tradizinoak bideratu eben bere zaletasuna. Bere ibilbidean eragin handiena izan eban pertsonetako bat Rufino Arrola trikitilari historikoa izan zan, bere maisutzat daukana. 2004. urtean Korrontzi taldea sortu eban, euskal musika tradizionala publiko barrietara hurbiltzeko asmoz. Horretarako, trikitixa, txalaparta edo albokea lako tresnak gaur egungo doinuakaz eta beste kulturetako eraginekaz uztartu ditu. Horregaitik guztiagaitik jasoko dau aurtengo Geureaz Harro Saria.

“KombativAs” Saria

Emakumeen kirolarekiko konpromiso argia dogu Eleizbarrutiko irratiok. Emakume kirolarien lorpenak, kluben lana entrenatzaileen ahalegina… Enara Gamindek pelotari gazteari egingo jako Herri Irratian emakumezkoen kirolari eskainitako irratsaioaren izena daroan aitormena.

Laukizko pelotaria esku pelotan dabil, eta gaur egun emakumeen pelotako erreferente nagusietako bat da. Lau urte besterik ez ebazala hasi zan pelotan, eta Bizkaiko hainbat klubetan egin dau bere kirol-ibilbidea. Hasieratik nabarmendu zan bere talentuagaitik, diziplineagaitik eta lehiatzeko gaitasunagaitik. Bere aurrerapena oso bizkorra izan da. Gazte-mailetan Euskadiko txapelketa ugari irabazi zituan, eta laster emakumeen pilotako txapelketarik garrantzitsuenetan be protagonista bihurtu zan. Bere lehen garaipenen artean nabarmentzekoak dira Laboral Kutxa Masterra, San Fermin Txapelketea eta Euskadiko hainbat txapelketa, banaka zein binaka.

Bihotz On Saria

Alkartasuna gure irration nortasunaren zati garrantzitsua da, eta horregaitik,, mundu bidezkoago baten alde egunero lanean diharduen pertsona biri egin gura deutsiegu autortzea. Oraingo honetan, Pili Urruzuno eta Karlos Fraile bikotea omenduko dogu. Urteak daroez preminaz etxea behar daben ume txikiei harrerea egiten, larrialdiko harrera familia dira.

Babes barik edo zaurgarritasun egoeran dagozan umeei etxea eta familia eskaintzen jakez behin-behinerako, familia egonkor bat euki arte. Pili eta Karlosen esperientziak lagundu dau Bizkaian errealidade hori ezagutzera emoten eta harrera-familiak izatearen garrantzia agirian ipinten. Ume horreei zaintzea, egonkortasuna eta maitasuna eskaintzea da euren eguneroko konpromisoa, eta horregaitik jasoko dabe aurtengo Bihotz On Saria.

Enbor Saria

Bizkaiko enpresen babesa ezinbestekoa izan da irration historian. Urteotan erakutsi deuskuen konfiantzea eta lankidetzea eskertzeko, aurten Enbor Saria enpresa bik jasoko dabe, irrati bakotxagaz hartuemonean denpora gehien daroenak.

Bizkaia Irratian Amuriza Teilatuak hartuko da aintzat. Lemoan egoitzea daukan familia-enpresea da, estalkien, teilatuen eta egurrezko egituren eraikuntza, zaharbarritzea eta mantentze-lanak egiten dituana. Bere jatorria 1956. urtean dauka, Luis Amuriza Azkuenagak arotz-tailer txiki bat sortu eban unean. Urteen poderioz, sektorean erreferente bihurtu da.

Radio Popular de Bilbao-Herri Irratiak Indupime-ren babesa eskertuko dau. 1987ko ekainaren 5ean sortu zan, ontzigintzan esperientzia handia eukan profesional talde baten eskutik. Sondikako Sangroniz industrialdean dauka egoitzea, eta ia lau hamarkadatan bere jarduerea handituz joan da. Gaur egun hiru arlo nagusitan lan egiten dau: itsas pinturan, industria-mantentzean eta fatxaden birgaitze integralean.

Enpresa bi horreek jasoko dabe Enbor Saria, urteotan irratiei emondako babesagaitik eta erakutsitako konpromisoagaitik.

Ángel Mari Unzueta Saria

Bilboko Eleizbarrutiko bikario nagusi izandako Ángel Mari Unzuetak elizearen, irratien,  hezkuntzaren, kulturearen eta langileen ongizatearen alde beti erakutsi eban konpromisoagaitik hartzen dau bere izena eleiza arloan emoten dan autrotzeak. Aurten Ángel Mari Unzueta Saria Cáritas Bizkaiak jasoko dau.

Bizkaiko Eleizearen gizarte-ekintza eta karidade erakundea da Cáritas Bizkaia. Zaurgarritasun, bazterketa edo pobrezia egoeran dagozan pertsona eta familiak laguntzea dau helburu. Bere jardunaren oinarrian boluntarioen lana, alkartasuna eta giza eskubideen defentsea dagoz, eta harrera, enplegua, etxebizitza, prestakuntza, haurtzaroa, etxerik bako pertsonak, adinekoak, familiak eta komunidadearen parte-hartzea lantzen ditu.

Sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Cáritas Bizkaiak gizartearen beharretara egokitzen jakin dau. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan pobrezia aztertu eta komunitatea indartzeko egitasmo aitzindariak bultzatu ebazan; 1980ko hamarkadan laneratze-programak eta droga-menpekotasuna eukien pertsonentzako proiektuak garatu ebazan; eta 1990etik aurrera etxebizitzari, immigrazinoari, bakardadeari eta prekariedade ekonomikoari lotutako bazterketa egoerei aurre egiteko lana sendotu dau.

Ibilbide osoan zehar bere nortasunari eutsi deutso: pobretuen zerbitzura dagoan Eleizea izatea, pertsonen duintasuna eta eskubideak errespetatzea, boluntarioen konpromisoan oinarritutako doakotasuna sustatzea eta gizarte bidezkoago eta senidetsuago baten alde egitea. Horrez gain, zuzeneko esku-hartzeaz aparte, sentsibilizazino eta salaketa sozialeko lan garrantzitsua egiten dau, pobreziaren eta bazterketaren egiturazko arrazoiak agerian jarten laguntzen daben txosten eta proposamenak landuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00