EuskarAbenturak bere sorreratik izan dau helburu gazteen euskerearen erabileran eragitea. Holan jaio zan 2018an EuskarAbentura: gazteek euskera bizipen positiboakaz lotuko ebazan esperientzia ahaztezina. Ordutik espedizinoz espedizino ehundaka jzioquitar batu dira gazte euskaldunen sarera. Sare hori eraikitzen eta trinkotzen jarraitzeko helburuagaz indartsu ekingo deutso bideari zortzigarren espedizinoak garagarrilaren 1ean.
Aurreko edizinoetan lez, etapa gehienek Done Jakue bidea izango dabe oinarri; dala frantsez bidea, dala barrualdeko bidea, dala kostako bidea. Ibilbidean, baina, Euskal Herriko txoko barriak ezagutuko dauz espedizinoak. Aurten espedizinoak lehenengoz Sakana gurutzatuko dau. Bizkaiko kostaldean be geldialdi barria egingo da: Ondarroa. Danetara, 650 kilometro inguru egingo dabez aurten, garagarrilaren 1ean Atharratzetik hasi eta garagarrilaren 31n Getxon amaituz. Bataz beste, egunean, 17-20 kilometroko etapak egingo dabez jzioquitarrek. Holan deitzen dira espedizinoan parte hartzen daben gazteek: jzioquitarrak.
Euskal Herriko zein diasporako 130 gazte euskaldunek hartuko dabe parte zortzigarren espedizinoan: 45 bizkaitar, 29 gipuzkoar, 6 nafar, 13 arabar, 7 lapurtar, 6 behe-nafar, zuberotar bat eta 3 diasporakoak. Ehuneko 59 emakumeak dira. Gazteakaz batera espedizinoa egingo dauan taldea, 24 kidek osotuko dabe. 14 xerpa, xerpa laguntzaile eta xerpa buru; material arduradun bi; 3 kide osasun lan-taldean; 3 kide komunikazino lan-taldean; eta koordinatzaile bi.