Guggenheim Bilbao Museoa munduko zazpi mirari garaikideetako bat izateko hautagai nagusien artean dago, World Travel and Tourism Council (WTTC) erakundeak bultzatutako nazinoarteko ekimenaren barruan. WTTC bidaien eta turismoaren sektoreko ordezkari nagusia da.
Deialdi ireki honen helburua XIX. mendetik gaur egunera arte eregitako eraikin, monumentu eta erakunde berezienak aukeratu eta aitortzea da, beti be, bisitariak erakartzeko, inguruko garapena sustatzeko eta turismo arduratsua bultzatzeko daukien ekarpena kontuan hartuta.
Ekimena ezagutarazoteko eta erabiltzaileen botoak batzeko helburuagaz, WTTC-k webgune bat sortu dau. Atari horretan Parisko Eiffel Dorrea, Guggenheim Bilbao Museoa eta Gizako Egiptoko Museo Handia nabarmentzen dira. Hirurak, arkitekturak eta kulturak lurralde baten bilakaeran daukien ahalmen eraldatzailearen adierazgarri lez.
Hautaketa-prozesua hainbat fasetan egingo da. Orain hiru aste, garagarrilaren 7an, hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu zan eta 2026aren amaierara arte egongo da zabalik, erabiltzaileek proposamenak aurkeztu dagiezan. 2027ko urtarrilaren 7an lehenengo hautaketa egingo dabe, eta 70 hautagai iragarriko dabez. Ondoren, herritarren bozketa baten bidez, 30 finalista besterik ez dira geratuko. Azkenik, 2027ko garagarrilaren 7an jakinarazoko dabe munduko zazpi mirari garaikideak zeintzuk diran.