‘Bizkaian sokatira landuz’ proiektua Bizkaian sokatiraren belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko ekimen estrategiko lez finkatu da. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioak Laboral Kutxaren laguntzagaz bultzatutako egitasmoak nabarmen gainditu dauz bere lehen ikasturte bietan ezarritako helburuak. 2024-2025 ikasturtean 605 ikaslek hartu eben parte, eta 2025-2026 ikasturtean, barriz, 1.615 ikaslek. Lortutako emoitza bikainen ondorioz, hasiera baten 2026-2027 ikasturtera arte aurreikusitako lankidetza-hitzarmena zabaldu da, eta orain 2027-2028 ikasturtera arte luzatuko da.
Proiektua, beraz, hazkunde-fase barri baten sartuko da. 2026-2028 aldirako, helburuan artean, begirale espezifiko bat kontratatzea aurreikusten da, harrobiaren profesionalizazinoan aurrera egiteko, proiektuaren hazkundea koordinatzeko eta ikastetxe barrietan ezartzeko. Testuinguru horretan, programea Bilbora hedatzeko erronka planteetan dau Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazioaren proiektuak.
2024-2025 ikasturteaz geroztik, ‘Bizkaian sokatira landuz’ proiektuak sokatira praktikatzea sustatzen dau Bizkaiko ikastetxeetan, kirola, kultura eta tradizinoa buztartzen dauazan kirol-modalidade hori ezagutarazoteko eta harrobia sortzeko. Bizkaiko erreferentziazko klubek parte hartzen dabe: Abadiño, Gaztedi (Laukiz) eta Goierri (Erandio). Hirurak arduratzen dira sokatira Bizkaiko ikastetxeetara hurreratzeaz, eta era berean, kirol-prestakuntza bultzatzeaz.
Klub horreek 2024tik egindako lanari esker, ‘Bizkaian sokatira landuz’ proiektua emoitza nabariak emoten dabil. Sokatirea ikastetxeetan egindako jardueren bidez ezagutu eben 30 bat ikasle klubetan sartu dira gero, eta holan, kirol-prestakuntzeari ekin deutse eta harrobiaren jarraipena ziurtau dabe.