Garaipen handia lortu dau Athleticek Balaidosen Celta goitik behera menperatuta. Edin Terzicek zuzentzen dauen taldeak ondo merezita eskuratu ditu hiru puntuak, aurkaria baino gehiago izan dalako partidu osoan. Liga txapelketako lehen jardunaldi bietan punturik lortu barik geratu ostean, Balaidosen lortutako garaipenak urrearen balioa dauka talde zuri-gorriarentzat, hiru puntuak beharrezkoak ziralako eta taldearen inguruan sortu daitekezan zalantzak ezabatu egin dituelako.
Hamaikako erabarritua zelairatu dau Edin Terzicek Celtaren aurkako partidurako. Zazpi aldaketa egin ditu Nou Campeko ipini eban taldeagaz alderatuta. Areso, Yuri eta Paredes ipini dauz atzealdean Laportegaz batera, Gerenabarrenak eta Ruiz de Galarretak osotu dabe erdialdeko euskarria eta Berenguerrek eta Navarrok jokatu dabe hegaletatik, Iñaki Williams aurrealdean jarrita.
Zuri-gorriek polito ekin deutse norgehiagokari eta apurka apurka aurkariaren ate ingurura hurreratzen hasi dira hemeretzigarren minutuan Alex Berenguerrek lehenengo gola sartu dauen arte. Hegaleko nafarrak ezustean harrapau ditu Celtako atzelariak eta atezaina eskoiko oinagaz egin dauen jaurtiketan. Zuri-gorriek berreskuratutako beste baloi baten, Iñaki Williamsek Ruiz de Galarretari emon deutso baloia area ertzean eta honek lehenengo ikutuan bialdu deutso Navarrori. Nafarrak bikain gainditu dau Celtako atezaina.
Celta taldeko entrenatzaileak lau aldaketa egin dauz atsedenaldian markagailua iraultzeko asmoagaz baina Athleticek ez deutso horretarako aukerarik emon, oso sendo agertu da-eta defentsa lanetan. Terzic oso pozik egoan bere taldearen lanagaz eta ez dau aldaketarik egin bigarren zatiko hogeigarren minutura arte. Jauregizar, Guruzeta eta Canales zelairatu ditu Iñaki Williams, Sancet eta Ruiz de Galarretaren ordez. Aldaketa horreek sendotu egin dabe taldea eta Celtaren ahaleginek ez dabe saririk jaso. Beste era batera esanda, Athleticek ez dau ezelango arazorik izan aldeko markagailuari eusteko.
Esan beharrik be ez dago, gauzak beste era batera ikusten dirala orain Athleticen. Izan be, balio handiko hiru puntu eskuratzeagaz batera, zuri-gorriek joko ona erakutsi dabe, aurkaria baino gehiago izan dira eta danok eskatzen genduan sendotasuna erakutsi dabe atzealdean. Eta datorren zapatuan Atletico de Madrid etorriko da San Mamesera. Balaidosen irabazita, ondo jokatuta ganera, Simeoneren taldeak ez dau hainbesteko ikararik sortzen.