Aurten 10 urte bete dira BBK-k eta Lurgaia Fundazioak BBK Basoan lehen zuhaitza landatu ebenetik. Proiektu hori anbizino argi bategaz jaio zan: herritarrak Bizkaiko ondare naturalaren berreskurapenean inplikatzea eta balio ekologiko handiko baso autoktonoen lehengoratzean aurrera egitea. Hamar urte horreetan, 36.446 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira, eta berreskuratutako baso autoktonoko 60 hektareari forma emon deutse, gaur egun hazten, hedatzen eta bizibarritzen diranak.
Hamar urte honeetan zehar, BBK Basoa erreferente lez finkatu da lurraldean basogintza eparte-hartzailearen lehengoratzean, eta ibilbide horrek gaur egun bere eraginaren garrantzia igartzea ahalbidetzen dau. Izan be, 2017 eta 2026 urteen artean egindako landaketek 11.000 tona CO2 baino gehiago xurgatuko dabez datozan leu hamarkadetan, eta zifra horrek zaharbarritutako basoen etorkizuneko xurgapen ahalmena islatzen dau.
Proiektuan 5.655 boluntariok parte hartu dabe. Euren lanari esker, egitasmoa Bizkaiko 40 gune baino gehiagotara iritsi da; besteak beste, Undabaso, Gaztelugatxe, Matxitxako, Arratzu, Bermeo, Madariaga dorrea, Morga, Zalla, Leioa, Mallabia, Gerekiz, Bakio, Arrankudiaga, Igorre, Arburu, Berrekondo, Burgoa, Ziortza-Bolibar, Amunategi eto Belatxikieta inguruetara.
BBK Basoak argi erakutsi dau ingurumena lehengoratzea ez dala zuhaitzak landatzea bakarrik, baizik eta helburu bat partekatzea, bertoko espezieak eta ekosistemen oreka ezagutzea, eta epe luzerako zaintzaren balioaz ohartzea be. Bizkai osoko familiek, alkarteek eta herritarrek osotutako sare honek erakusten dau herritarren parte-hartzea ezinbesteko eragilea dala ingurumenaren aldaketan.