Gerediaga Elkartearen egitasmoa, Jesus Mari Arruabarrenak idatzia

40 abadiñarren testigantzak batu dabez '1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak' liburuan

Abadiñon 1936ko gerrak izandako eraginak

Liburuaren egileak, udal ordezkariak eta ikerketan testigantza emonez lagundu daben herritarrak / Txelu Angoitia (Gerediaga alkartea)

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak izeneko liburua aurkeztu dau Gerediaga alkarteak Abadiñon, bertako udalaren babesagaz. Orain urte bi hasi eben ikerketea, eta horren emaitza Jesus Mari Arruabarrena abadiñarrak idatzi dau. Gerra garaiko gertakari historikoak, artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak batu dauz lanean. Herri-oroimena berreskuratzeko ariketa honetan lan-talde zabala izan dau lagun.

Jesus Mari Arruabarrena egileak azaldu deuskunez, orain arte ez egoan holango azterketa sakon eta orokorrik, eta horregaitik ikusi eben beharrezkoa memoria hori batu eta transmititzea.  Ia 40 pertsonen testigantzak batu dabez, herriko bzipenak mosaiko modura osotuz. Arruabarrenaren berbetan, ahots asko batu dira eta horrek kontakizun aberatsa eta anitza eskaintzen dau. Liburuak agerian izten dau Abadiñon gertautakoa ez zala egun bakarreko tragedia izan. Abadiño hamalau biderrez bonbardeatu eben, eta eraso horreek egunetan luzatu ziran.

1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak liburuan bildutako testigantzek askotariko bizipenak jasotzen dabez: frontean borrokara behartutakoak, gudari modura joandakoak, kartzelaratutakoak edo fusilatutakoen senideak. Beste kasu batzuetan, umiliazioak edo lan behartuak be agertzen dira, gerraosteko errepresinoaren adierazgarri. Egileak azpimarratu dau testigantzak gehienek hunkitu dabela, baina batez be, gogorrak dirala konzentrazino esparruetan egondakoen edo heriotza bortitzen ingurukoak. Alkarrizketatutako familien kasuan, memoria “ondo gordeta” egon dala azpimarratu dau.

Jesus Mari Arruabarrena eta Gerediagako elkarteko kideez gain, Durango 1936 alkarteko kideek be lagundu dabe alkarrizketak egiten. Horreetako batzuk bideoan grabau dabez. garaia.gerediaga.eus webgunean dagoz ikusgai. 1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak liburua (euskaraz zein gazteleraz) Abadiñoko Estankoan, Petite kioskoan eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu-dendetan dago salgai. Ganera, online erosi ahal izango da, Elkarren webgunearen bidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00