Maiatzaren 20ra bitarteko epea zabaldu da Euspot lehiaketaren hamahirugarren edizinoan parte hartzeko. Euskerazko spot lehiaketea da honakoa. Mondragon Unibertsidadea, Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa eta Arizmendi Ikastola dira antolatzaileak. Laguntzaile eta babesleak, bitartean, Eusko Jaurlaritza, Bai Euskarari alkartea eta Music Library. Euskerazko spot edo iragarkien sorkuntzea bultzatzea da helburua. Arteman Komunikazioa taldetik, Gorka Zubizarretak esan deusku lehiaketa honetan gero eta parte-hartzaile gehiago dagozala eta aurkeztutako lanen kalidadea gero eta hobea dala. Iaz, parte-hartze historikoa izan zan, 149 spot jaso ebezan.
Telefono mogikorrak eta adin txikikoak
www.euspot.eus webgunean ikus daitekez orain arteko edizinoetan aurkeztutako iragarkiak. Bisita ugari daukazan orrialdea dala esan behar. Urtean, 20.000 bisita inguru izaten dauz. Lehiaketearen oinarriak be bertan dagoz. Gai bat emoten da urtero eta horregaz lotuta sortu behar dira iragarkiak. Telefono mogikorrak eta adin txikikoak da aukeratutako gaia aurten. Parte hartzaileek 30 segunduko iragarki bat sortu behar dabe gai honegaz lotuta. Maiatzaren 20ra arteko epea dago lanak aurkezteko.
3000 euro sarietan
Sei sari banatzen dira Euspot lehiaketan. Iragarki onenak mila euro jasoko dauz. Publikoaren saria 500 eurokoa da, 14 eta 18 urte arteko egileen artean banatzen dan saria be 500 eurokoa da eta musika sinkronizazino onenari 300 euro emongo deutsiez. Mondragon Unibertsidadeko ikasleen spotik onenak 500 euro jasoko dauz eta Arizmendi Ikastolako ikasleen spotik onenak beste horrenbeste.