Ortiz, Neurozientzietan doktorea eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultadeko irakaslea da

Erakundearen 128 urteko historian presidente izan dan lehenengo emakumea da

Agurtzane Ortiz, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako presidente barria

Agurtzane Ortiz Neurozientzietako doktore eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza fakultadeko irakaslea izango da Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako presidente barria. Apirilaren 25ean aukeratu eben, aho batez erakundearen Batzar Nagusian. Aurtengo ikasturtea amaitu ostean, Ortizek Ricardo Franco Vicario doktorea ordezkatuko dau karguan. Bilbo-Basurtu ESIko UGS ataleko burua, Marisa Arteagoitia izango da erakundearen idazkari nagusi barria, lehen Agurtzane Ortizek berak betetan eban karguan.

Agurtzane Ortiz

Agurtzane Ortiz Medikuntza eta Kirurgian lizentziaduna da 1989tik. Neurozientzietan doktorea eta Psikiatrian espezialistea. EHUko Neurozientzia-Psikiatriako irakaslea da 1993tik. Ganera, Medikuntza eta Erizaintza fakultadeko dekanordea izan zan 2004tik 2021era, eta hainbat unibersidade batzordetan parte hartu dau: EHUko Euskara Batzordean, Ebaluazinoko Unibersidade Batzordean, Unibersidade Klaustroan edota Kalidade Katedran.

Medikuntzako hainbat batzordetako kidea da eta izan da: Bizkaiko Medikuen Alkargo Ofizialeko Deontologia Medikoko batzordeko kidea (2005etik 2017ra), Euskadiko Medikuntza Heziketako Alkarteko kidea, ECOEko unibersidadeen arteko lantaldeko kidea, besteak beste. 2011.urtetik Zainketa Aringarrietako Arreta Integraleko Berezko Masterreko zuzendari akademikoa da.

Agurtzane Ortizek irakaskuntzan eta dibulgazinoan jardun dau, baita hainbat erakunde eta instituzinoetan be, eta hizlari eta antolatzaile lez parte hartu dau hainbat kongresu eta jardueratan. Ganera, hainbat zientzia lan eta liburu idatzi dauz. Azkenik, hainbat ikerketa talde eta proiektutan parte hartu dauala be nabarmendu behar da, osasun mentala, kronikotasuna edota hirugarren adina moduko arloetan zentratuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular