22 artista profesinonal alkartuko dira aurten

Goizeko 10:00etatik goizaldeko 03:00ak arte luzatuko dan egitarauan, adin guztietarako jarduerak izango dira

Algortagraff jaialdiak zazpigarren edizinoa ospatuko dau asteburu honetan

Aurtengo edizinoaren irudia / Algortagraff

Algortako San Inazio jaien barruan egingo da asteburu honetan Algortagraff jaialdiaren zazpigarren edizinoa. Graffitia, arte urbanoa, musikea eta kale kultura buztartuko dauz beste behin be ekimenak, eta antolatzaileek dinoenez, orain arteko edizinorik handiena izango da. Goizeko 10:00etatik goizaldeko 03:00ak arte luzatuko dan egitarauan, edade guztietarako jarduerak izango dira.

Asier Martiarena Algortagraff alkarteko kideak azaldu dauenez, 22 artista profesinonal alkartuko dira aurten, Euskal Herritik ez eze, Andaluziatik, Valentziatik eta Madrildik be etorritako sortzaileakaz. Hormak margotzeaz gain, furgonetak eta kamioiak be arte-lan bihurtuko dabez, eta skate erakustaldiak, haurrentzako grafiti tailerrak, kalejirak eta kontzertuak be izango dira. Aurtengo edizinoaren irudia txipiroia izango da. Martiarenak azaldu dauenez, San Inazio jaietako Txipi Egunari egindako kinua da, baina baita artistek euren sormena “tintaren” bidez adierazoten dabela irudikatzeko modu bat be.

2017an egurrezko panel batzuk margotzeko ekimen txiker lez sortu zan Algortagraff. Zazpi urte geroago, arte urbanoaren erreferente bihurtu da inguruan, eta urtez urte handitzen joan dan jaialdiak kalea mihinse erraldoi bilakatuko dau beste behin be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00