Sumarren eretxian Euskadik estatutu kontserbadorea dauka eta estatutu progresistea behar dau

"Burujaubetza energetikoa lortzeko aurrekontu handiagoa behar dogu" esan dau Sumarreko hautagaiak

Andeka Larrea: “Kanpainan ikusi dogu espektatibetan igoten joan garela”

Andeka Larrea (Sumar) / Bizkaia Irratia

Hauteskunde kanpainan pozik dabilela esan deusku Andeka Larreak (Sumar) Goizeko Izarretan saioan. “Hauteskunde kanpainan Sumar espektatibetan igoten joan dala ikusi dogu. Inkestetan joera hori nahiko argia da. Espazio konfederalean edo euskaltzalean Sumar da boto erabilgarri bakarra” azaldu dau Gipuzkoako zerrendaburuak. Autogobernuari buruz Larreak dino EAEk estatutu kontserbadorea daukala eta Euskadik autogobernu progresista bat behar dauala. Hauteskunde programan erabagite eskubidearen alde be egiten dabela azpimarratu dau.

Etxebizitza politikak

Sumarren eretxian Euskadin etxebizitzen parke publikoa handitu behar da baina beren beregi alokatzeko. “PSEren esku egon dan azken urteetako eredua apur bat desarrollista izan da, batez be salmentara bideratutakoa. Hori ondo egon daiteke baina adabaki bat da. Gazteek ezin dabe ordaindu merkaduan etxe batek balio dauena eta gogoratu behar da EAEn gazteen bataz besteko soldatea 1.400 eurokoa dala” esan dau Larreak.

Aldaketa klimatikoa eta trantsizino energetikoa

Sumarrek Eusko Jaurlaritzak aurton onartutako Aldaketa Klimatikoaren Aurkako Legea kritikau dau. Andeka Larrearen eretxian Euskadik daukan menpekotasun energetikoa ez da lege barri horregaz murriztuko. “Energia barriztagarri gehiago ekoiztu eta aldi berean gure lurra zaindu behar dogu. Parke eolikoen proposamenei buruzko patxadazko azterketea behar da eta burujaubetza energetikoa lortzeko aurrekontu handiagoa behar dogu” aiatatu dau Sumarreko hautagaiak.

Enplegu politikei buruz edo segurtasuna indartzeko proposamenei buruz be berba egin dogu Andeka Larreagaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular