50 urteko ibilbidea bete dau musikagintzan

Sabino Arana saria jasoko dau musikari donostiarrak

Antton Valverde: “Letek eta Lauaxetak markatu nabe gehien”

Antton Valverde / Wikimedia

50 urteko musika ibilbidea beteta, Sabino Arana saria jasoko dau Antton Valverdek domekan. Musikari donostiarrak ezustean eta harrituta jaso dau barria. Pozik era berean, oraintsu beste sari bat emon deutsielako Oiartzunen, Euskararen Saria hain zuzen. 70ko hamarkadan hasi zan Valverderen ibilbidea. Familiaren inprimategian egoan orduan lanean, baina solfeoa, armonía, konposizinoa eta piano ikasketak eginda eukazan.

Lauaxeta eta Lete

Ibilbidearen hasieran Oskarbi taldeagaz aritu zan. Eskutari izeneko lana grabau eban talde honegaz batera 1972. urtean. Ondoren, Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Xabier Lete eta Karlos Gimenez izan ebazan bidelagun. Euskal olerkarien lana zabaldu dau Valverdek. Gandiaga, Lizardi edo Artze aipatu behar dira baina berak dino, Xabier Lete eta Esteban Urkiaga Lauaxeta dirala gehien markatu dabenak. Xabier Leteren lagun mina, harreman estua izan eban beragaz. Leteren heriotzaren ostean Anjel Lertxundigaz eukan harremanetik lan bi etorri ziren, DVD bi; 3 Eleak, Lauaxeta, Lizardi eta Leteren olerkien ganekoa eta Hitzak Hots, euskal emakume olerkarien lanei musikea jartzen deutsena, hau da, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea, Arantza Urretabizkaia eta Miren Agur Meaberen poemei.

Erretirorik ez

Bere azken lana 2020. urtekoa da, Gaua. Valverdek dino harrera ona izan dauala honek. Pandemia sasoian sortu zan eta Harkaitz Canoren izen bereko lana izan zan ardatz. Kritikaren aldetik be eritxi oso onak eragin ebazan lan honek. Antton Valverdek ez dauka erretirorik hartzeko asmorik. Kanta barriak sortzen badabilela esan deusku baina momentuz disko barri bat atarateko beste ez dauka.

Sari banaketea domekan

Domekan, Bilboko Arriaga antzokian izango da eguerdiko hamabietan Sabino Arana sarien ekitaldia. Beragaz batera, saridunen artean dagoz, Laboral Kutxa-Euskadi fundazinoa, Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra, Euskal Artzainak Ameriketan alkartea eta Javier Clemente futbol entrenatzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular