Bilboko Loraldian aurkeztuko da Don Inorrez musika taldeak eta Metro Koadroka sormen laborategiak sortutako Aztia egitasmoa. Oier Guillanek idatzitako testu batetik, kantuak sortu dauz Don Inorrez taldeko Imanol Ubedak. Horrez gain, pieza eszeniko bat be sortu da. Orain urte ta erdi izan eban ideia Ubedak, Oier Guillanen Mr. Señora liburua irakurten egoala. Proposamena egin eutson orduan. Oier Guillanentzat erronka eta oparia izan zan Imanolen proposamena.
Musikea eta berben arteko alkarrizketea
Patrika Zabalegi da Oier Guillanek idatzitako bakarrizketa modukoaren protagonistea. Aztiaren ahotsa da ardatz. Patrikak berak dino munduko terapia guztietan aditua dala. Ironiaz begiratzen deutso inguruari. Imanol Ubedak hamar kantu sortu dauz Guillanek idatzitakoan oinarrituta. Prozesu ederra izan dala esan deusku, ezohikoa baina aberasgarria. Aztia egitasmo honetan, Idoia Beratarbide marrazkilariak, irudiak egiteaz gain, zuzendaritza artistikoaren ardurea be izan dau. Ainhoa Alberdi aktore eta dantzaria bitartean, Patrika Zabalegi izango da oholtza ganean. Aztia otsailaren 8an eskeiniko dabe lehenengoz Donostian. Bilbon, martiaren 19an ikusi ahal izango da Loraldia festibalean.