Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsidadeko XII. Promozinoko ikasleen graduazino ekitaldia ospatuko da barikuan. Bilboko Euskalduna jauregian izango da, iluntzeko 19:00etatik aurrera. Ikasturtea hasi baino ez da egin, baina Jone Ozerinjauregi BAMeko zuzendariak esan deuskunez, arlo akademikoari begira momentu ona da honakoa graduazino ekitaldia egiteko. Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan graduatu diran 140 ikasle izango dira ekitaldian. On Joseba Segura gotzaina izango da ekitaldiko buru.
BAM Irakasleen unibertsidade eskolan irailean hasi eben 2024/25 ikasturtea. 800 bat ikasle dagoz danetara, Haur Hezkuntzako Gradua, Lehen Hezkuntzako Gradua eta Gradu Bikotxa egiten Haur eta Lehen Hezkuntzan. BAMek 75 urte dauz, eta Jone Ozerinjauregi zuzendariak Lau Haizetara irratsaioan azpimarratu dauanez, “atzera begiratu behar dogu, asko daukagu ikasteko egin dogun ibilbidetik, baina inoiz baino garrantzitsuagoa da iragan horregaz aurrerantza begiratzea eta etorkizuneko erronketara moldatzen joatea”.