Gernikako bikoteak partidu handia jokatu eban Goikoetxea eta Etxetoren aurkako finalaurrekoan

Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopezen aurka jokatuko dabe Winter Series torneoko finala zezeilaren 19an

Barandika eta Lekerika finalera

Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa, finalerako sailkatzea lortu ostean / Guk Jai Alai

Gernikako hiru pilotarik jokatuko dabe Winter Series torneoko finala. Diego Beaskoetxeak lehen finalaurrekoa irabazi eban Imanol Lopez lagun ebala, Olharan eta Basqueren aurka. Bigarren finalaurrekoan, Xabi Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak ordu ta erdi emon eben Jai Alai frontoian Iñaki Osa “Goikoetxea” eta Nicolas Etxeto menderatzeko. Partidu ederra bezain gogorra, harmailetan batu ziran bi mila ikusleen gozamenerako.

Unai Lekerikabeaskoagaz egin dogu berba “Jokoan” kirol tartean, finalerako sailkatzea lortu ostean. Atzelariak esan deusku argi eukiela Goiko partidutik kanpo mantendu behar ebela garaipena eskuratzeko aukerak izateko. Goitik behera bete eben helburua lehenengo setean. Bigarrenean, baina, ordura arte erabili eben pilota bizia apurtu egin zan eta beste motelago bategaz jokatzen hasi eta Goiko nagusitzen hasi zan bigarren jokoa irabazi arte.

Hirugarren setean erabagi zan finalaurrekoa. Goikoetxea eta Etxetok markagailuan aurreratzea lortu baeben be, gernikarrek ez eben amore emon eta irauli egin eben markagailua. Unai Lekerikak esan deusku itzela izan zala sailkatzea lortzea bi mila zaleren aurrean. Beste partidu bat daukie jokatzeko: Winter Series torneoko finala. Otsailaren 19an jokatuko dabe Beaskoetxea eta Lopezen aurka eguerdiko hamabietatik aurrera. Bizkaia Irratiak zuzenean eskeiniko deutsue finala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular