EHUren ikerketa batek agerian itxi dau AAren erabilera hondino mugatua dala euskal komunikabideetan

Euskal kazetarien ia erdiak ez dau Adimen Artifiziala erabiltzen, batez be zalantza etikoengaitik

Bárbara Sarrionandia: “Adimen Artifiziala lagungarria da, baina ez ordezkoa”

Bárbara Sarrionandia, EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultadeko Gradu Aretoan / EHU

Euskal kazetarien ia erdiak (%45,9) ez dau Adimen Artifiziala erabiltzen, batez be zalantza etikoengatik. Hori da Euskal Herriko Unibertsidadeko ikertzaile dan Bárbara Sarrionandiak egindako tesiaren ondorio nagusienetako bat. Lehenengoz ikerketak modu enpirikoan aztertu dau Adimen Artifizialaren erabilerea Euskadiko komunikabideetan, eta erakutsi dau teknologia horren ezarpena hondino hasierako fasean dagoala.

Sarrionandiak azaldu dauanez, lana metodologia mistoan oinarritu da. 501 kazetari aktibori egindako inkesta bat, komunikabide nagusietako arduradun teknologikoakaz egindako alkarrizketak, eta eskala handiko bost lengoaia ereduri (ChatGPT, Claude, Gemini, Copilot eta Perplexity) egindako auditoretza esperimentala bateratu dauz. Ikerketak baieztatu dau profesionalen %45,9k ez dauala erabiltzen Adimen Artifiziala bere eguneroko lanean. Joera hori nabarmenagoa da idatzizko prentsan. Langileen %54,2k erabat baztertzen dau tresna horren erabilera.

Ikertzailearen esanetan, komunikabideek “zuhurtzia informatiboa” izeneko eredua hartu dabe. Hau da, Adimen Artifiziala lan mekanikoetarako erabiltzen dabe —itzulpen automatikoak, transkipzinoak edo zuzenketa ortografikoak egiteko—, baina albisteen aukeraketa, idazketa eta edizinoa kazetarien esku izten dabe. Sarrionandiaren berbetan, “ez da Adimen Artifizialaren kontrako jarrera; arriskuak kontrolatuz, bere onurak aprobetxatzeko modua baino”.

Ikerketak agerian itxi dau, ganera, prestakuntza falta dala oztopo nagusietako bat. Izan be, euskal kazetarien %14 inguruk baino ez dau jaso AAri buruzko prestakuntza espezifikoa, eta kazetari gehienek euren kabuz ikasi behar izan dabe tresna hori erabiltzen. Beste ondorio esanguratsu bat “zentralismo algoritmikoa” da. Sarrionandiaren arabera, ChatGPT, Gemini edo antzeko tresnek tokiko informazinoa lantzeko mugak daukiez. Egindako probetan, AAk aipatutako iturrien %67 estaduko komunikabideak ziran, eta %15 baino ez Euskadiko hedabideak. Horrezaz gain, euskararen tratamenduan hondino zehaztasun arazoak dagozala nabarmendu dau, eta horrek “haluzinazinoak” (makinak sortutako datu faltsuak) sortzeko arriskua handitzen dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00