Aitor Bengoetxearen (Oiartzun, 1997) proiektua da Bengo. Musika motari jagokonez, uri-generoa sortzen dau eta abesteaz gain, Break dantzaria be bada. 2021. urtean bere kabuz sortu eta ekoiztutako 4 taupada kaleratu eban, lau abestiz osotutako EP-a. 2022an, barriz, hainbat abesti igo ebazan plataforma digitaletara. Eta igaz, 2023 urte hasieran argitaratu eban Bizirik bere lehenengo disko luzea (Gaztea saria artista hasibarri onenari) , Oso Polita etxearen babespean. Zortzi kantuz osotutako lana, aurreko diskoa baino anitzagoa zan, eta behin kaleratu ostean, bere lekua izan dau Euskal Herriko txoko, antzoki eta jaialdi askotako karteletan, Bizirik Bira izenburupean.
Orain musikari oiartzuarra Beste behin singleagaz jatorku. Orain arte Bengok aurkeztu dauanarekiko aldea igerriko dabe zaleek. Hasierako kantuekiko edo lehenengo diskoarekiko haustura bat dagoala azpimarratu deusku. Aro barri baten hasierea edo erakusle.
Beste behin kantua Julen Adurizek ekoiztu dau Oiartzungo lokal txiki baten, Bengok azaldu deuskunez. Bien artean konposatu ostean, Eñaut Gaztañagak nahastau eta masterizatu dau Gaztain Estudioetan, Zestoan. Abestiaz gain, Bengok Beste behin kantuaren bideoklipa be aurkeztu dau. Rita Gracosek Bartzelona) zuzendu eta Toni Llobetek (Bartzelona) grabau dabe.