Lehendakariak laguntzea eskaini deutso Valentziako presidenteari. “Euskadiko 112 larrialdietarako telefono zenbakiak be dei batzuk jaso dauz laguntza eske Valentziatik” esan dau Bingen Zupiriak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur Goizeko Izarretan irratsaioan. Eusko Jaurlaritzak helikoptero bi bialduko dauz Valentziara erreskate lanetan laguntzeko. “Ertzaintzak helikpotero barri bat erosi dau eta beste bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiakaz batera alokatuta dauka suteei aurre egin ahal izateko” azaldu deusku Zupiriak.
Aurrekontuak
2025eko aurrekontuen aurreproiektuari begiratuta Jaurlaritzako Segurtasun sailak 796,3 milioi euroko aurrekontua euki leike, igazkoa baino %0,8 handiagoa hain zuzen be. “Aurrekontuaren gehiengoa ertzainen soldatak ordaintzeko izango da” esan dau sailburuak. Ibilgailu barriak edo bideo-kamerak erosteko konpromisoa dagoala gaineratu dau. Era berean, Ertzaintza gizartean agertzen diran delitu barrietara egokitu behar dala zehaztu dau.
Genero indarkeria kasuak
Indarkeria matxisteagaz lotutako kasuak antzemoteko alderdi batzuk protokoloak daukiez. Iñigo Errejon diputadu ohiaren kasua ezagutu eta gero, protokoloen beharraz ohartarazo dabe. “Erakunde askotan holako protokoloak dagoz eta Errejonen kasuaren ostean gehiago izango dira aurrerantzean holakoak landuko dabezan erakundeak” esan dau Zupiriak. Alderdi politikoei jagokenean, Zupiriaren berbetan, Eusko Alderdi Jeltzaleak orain bi urte onartu eban holako protokolo bat.
Itsas-salbamendu eta meteorologia zerbitzuen eskumenez, lan eskaintza publikoez, ziberzaintzaz edo ertzainen euskalduntzeaz be berba egin dogu Bingen Zupiriagaz gaur Goizeko Izarretan eukitako alkarrizketan.