EHUko ikertzaileek egindako azterlan batek agirian itxi dau Bizkaiko mozolo europarraren egoera kezkagarria. Ardeola aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketearen arabera, espeziearen populazinoa % 73 jatsi da 1998tik 2024ra bitartean. Garai hatan ezagutzen ziran 272 ugaltze-eremuetatik 55 baino ez dira gaur egun okupetan.
Ikertzaileen esanetan, gainbeheraren atzean Bizkaiko paisaiaren eraldaketa dago. Urbanizazinoaren hazkundeak, errepide-sarearen hedapenak eta sega-larre tradizinonalen galereak mozoloaren habitat naturala murriztu dabe. Horri gehitu behar jako baserriaren eta abeltzaintza estentsiboaren gainbehera, elikadurea eta ugalketa-gune egokiak gitxituz.
Habitataren galeraz gain, eraikin zaharren barritzeak be eragina izan dau espeziean. Mozoloek sarritan borda, kamara eta hormetako zuloetan egiten dabez habiak, baina eraikin horreek zaharbarritzean sarrera guztiak ixteak ugaltzeko aukereak murriztu dauz. Ikertzaileen ustez, neurri sinple batzuek, halan zelan habi-kutxak jartzeak edo eraikinetan sarrera txikerrak uzteak, populazinoa manteniduten lagun daikie.
EHUko adituek gogorarazo dabe mozoloa landa-ingurunearen osasunaren adierazleetako bat dala. Hareen eretxiz, espeziearen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa izango da geratzen diran populazinoak babestea, habitat egokiak zaintzea eta lur-jabeekin nahiz erakundeakaz alkarlanean kontserbazino-neurriak sustetea.
