Amorebieta-Etxanoko Udalak bizkaierea lantzeko ikastaroa antolatu dau estreinakoz

Izen emotea zabalik dago, irailaren 29ra arte apuntau daiteke

Bizkaierea lantzeko ikastaroa, lehenengoz, Amorebieta-Etxanon

Amorebieta-Etxanoko Udalak bizkaiera lantzeko ikastaroa antolatu dau ikasturte honetarako. Euskara Zerbitzuak lehenengoz antolatu dau ikastaroa eta helburua euskaldun zaharrei zein euskaldun barriei bizkaiera erabiltzera animetea eta zornotzarren artean euskarazko sareak osotutea da. Holan, euskaldun zaharrei euskara gaitasuna hobetzeko aukerea eskainiko da eta euskaldun barriei, barriz, bizkaierara hurreratzeko bidea erraztuko jake.

Euskara Zerbitzutik jakinarazo dabenez, bizkaierea lantzeko ikastaroa “euskaldun barri zein euskaldun zaharren aspaldiko eskaerea da”. Naia Odriozola Euskera teknikariak azaldu deuskunez, ikastaro laburra izango da, 100 ordu ingurukoa. Aste birik behin batuko dira, martitzenetan. Danetara, ordu eta erdiko zazpi saio egingo dabez. Urriaren bigarren hamabostaldian hasi eta urtarrilean amaitu. Bertan oinarrizko nozinoak ikasiko dira, herritar arruntak erakartzeko eta euren artean sarea osotuteko.

Izen-emotea zabalik, irailaren 29ra arte

Ikastaroa doakoa da, baina izena emotea beharrezkoa da. Irailaren 29ra arte apuntau daiteke esteka honetan: https://izenemateak.amorebieta-etxano.eus/eu/active/activitys. Bestelako informazinorik behar dauanak, Amorebieta-Etxanoko Euskera Zerbitzura deitu (94 630 00 02 – 120 eta 121 luzapenak) edo idatzi leike (euskara@amorebieta.eus).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular