Bizkaiko Foru barriaren onarpenaren 500. urteurrenaren ganeko erakusketa bi dagoz ikusgai Bilbon. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako erakusketak dira. Foru Liburutegian dago euretariko bat, eta bigarrena Kale Nagusian. Azken hau, ibiltaria da eta hainbat udalerri zeharkatuko dauz. Balio historiko handia daukien agiriak dagoz ikusgai Foru Liburutegiko erakusketan. Tartean, Bizkaiko Foru Barriaren jatorrizko liburua dago. Rosa Ayerbe eta Imanol Merino dira erakusketaren komisarioak. Merinok aipatu deuskunez, testua hainbeste urtez indarrean egotea ospatu behar zan.
Harribitxiak ikusgai
Foru Barriaren historia 1526. urtean hasten da, onartzen dan urtean. Erakusketan, bost bitrinatan, foruaren edizinoen bilduma oso bat dago. Ideia bi azpimarratu dauz Imanol Merino komisarioak: foru barria badago, zaharra be egongo zala eta ordukoa ulertzeak datorrena ulertzeko balio leikela. Forua XX. mendera arte gaztelaniaz argitaratu zan eta 1981. urtekoa da euskerazko lehen bertsinoa, bizkaieraz idatzitakoa. Erakusketa ‘akademikoagoa’ da Foru Liburutegian dagoana eta ‘dibulgatzaileagoa’ Bilboko Kale Nagusian dagoana. Formatu handiko hamar panel informatibo dagoz bertan. Jakin-mina eragiten dabe honeek eta gogoa piztu leikie foru liburutegian dagoana ikusteko. Kaleko erakusketa hau maiatzaren 11ra bitartean egongo da ikusgai Bilbon. Ostean, Balmaseda, Bermeo, Portugalete eta Galdakaora eroango dabe. Bestalde, Bilboko metroko geltoki batzuetan be, erakusketen bertsino txikiago bat eskeiniko da abuztura bitartean.
