ESKOLA prestakuntza- eta dibulgazino-campusa da

Saioak zemendiaren 25ean eta 26an izango dira Itsasmendin, Mendibilen eta Doniene Gorrondonan

Bizkaiko txakolina barrutik ezagutzeko: ESKOLA Campusa

Bizkaiko Txakolina JDBk ESKOLA Campusa aurkeztu dau, Bizkaiko txakolina eta bere atzean dagoan ardogintza-kultura sakonago ezagutzeko prestakuntza-programa barria. Ekimenak saio teorikoak, dastaketak eta upategietarako bisitak batuko dauz, parte-hartzaileek bertoko ardoen ezaugarriak, lurraldea eta ardogileen lana bertatik bertara ezagutzeko.

Maider Zalduondo Kontseilu Arautzaileko idazkariak Bizkaia Irratian azaldu dauanez, txakolinaren inguruko ezagutza batu eta zabaltzea da ekimenaren helburuetako bat. Izan be, txakolinak presentzia dauka kalean, jatetxeetan eta beste hainbat esparrutan, baina Zalduondoren esanetan, garrantzitsua da ardoaren inguruan zabaltzen dan informazinoa zuzena eta bateratua izatea. Horrela, sektoreagaz lotura daukien profesionalek eta interesa daukien herritarrek txakolina hobeto ulertzeko erea izango dabe. Orain arte Bizkaiko Txakolina JDBk online prestakuntza eskaini dau. Eduki horreek eguneratu egin dabez, igaz jatorri-deituraren araudia barriztu ostean, eta esperientzia hori sakontzeko sortu dabe ESKOLA Campusa. Aurrez-aurreko formatuak, ganera, edukiak praktikan ikusteko eta barneratzeko aukerea emoten dau.

Jardunaldi bi eta Mezulari Gorena titulua

Saioak zemendiaren 25ean eta 26an izango dira. Lehen egunean, Gernika-Lumoko Itsasmendi upategian batuko dira parte-hartzaileak. Teresa Guilartek txakolinaren historia errepasauko dau; Iñaki Suárezek araudi-esparrua aztertuko dau; Héctor Gómezek mahastizaintzari eta bariedadei buruz berba egingo dau; eta Maider Zalduondok, barriz, upategiei eta enoturismoari buruz. Jardunaldia amaitzeko, Itsasmendi upategia bisitauko dabe eta bazkaria egingo dabe bertan.

Bigarren egunean, zemendiaren 26an, Mendibile Jauregian eta Doniene Gorrondona upategian izango dira saioak. Ricardo Sanchoyartok geografiaren, klimaren eta lurzoruen arteko erlazioa azalduko dau; eta Elena Garcíak ardogintza aztertuko dau. Ostean, Rafael Bellido Espainiako Sumillerren Batasuneko presidenteak eta Iñaki Suárez Bizkaiko Txakolina JDBko zuzendari teknikoak elaborazino-estiloei buruzko saioa eta hamar ardoren dastaketa zuzenduko dabez. Mendibile Jauregian bazkaldu ostean, Doniene Gorrondonora joango dira, upategia eta bertako ardoak ezagutzeko.

Prestakuntzea amaitzen dabenek, Mezularia Gorena titulua jasoko dabe, Bizkaiko txakolinaren inguruko ezagutza egiaztatzen dauana. Maider Zalduondok zehaztu dauanez, helburua ez da ezagutza bakarrik, txakolinaren inguruko informazinoa zabaltzeko gai izango diran pertsonak prestatzea be bada. Horregaitik, ekimena ardoaren munduan lan egiten daben profesionalei zuzenduta dago batez be, baina txakolina eta bere lurraldea sakonago ezagutu gura dabenek be badaukie parte hartzeko aukerea. Programa osoa eta izen-emoteak Bizkaiko Txakolina webgunean dagoz eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00