Aurreko astean banandu ziran Cafe Bar Bilbao eta Tartean konpainiak antolatutako antzerki laburreko gidoien hogeigarren lehiaketako sariak. Iñigo Cobok irabazi eban gaztelaniazko gidoi onenaren atalean eta euskerazkoan Lutxo Egiak jaso eban saria “Hamalau” lanagatik. Egiak, 2016. urtean be irabazi eban. Bigarrenez saria jasota pozik dago egilea. Azaldu deuskunez, bakarrizketa bat da idatzitakoa. Komedia absurdo bat bere esanetan. Egiaren gidoiaren irakurketa dramatizatua, Mikel Martinezek egingo dau Lautan Hiru antzerki jaialdian.
Lautan Hiru antzerki jaialdia
Gaur aurkeztu da Lautan Hiru jaialdia. Bilboko udalak babestuta, Euskaltzaindia, Cafe Bar Bilbao eta Bira kulturgunea dira jaialdiaren antolatzaileak. Esaten dabenez, antzerki txikia, festibal handia honakoa. Zezeileko eguen guztietan pare bat antzerki-lan ikusteko erea eskeiniko da Bilboko alde zaharrean, Euskaltzaindiaren egoitzan, Biran, Cafe Bar Bilbaon, 7Katu gaztetxean eta aurten AEKren Kalderapeko kulturgunean be bai. Bostgarren jaialdia da aurtengoa. Ekimen arrakastatsua honakoa eta nobedadeakaz datorrena aurten.
Bonoak bihartik salgai
Patxo Telleriak idatzitako “Txizatoki bat eszenatokian” lana izango da ikusi ahal izango dan lehenengoa zezeilaren 2an Euskaltzaindiaren egoitzan iluntzeko zazpiretan.
Alain Lersundi, Maren Basterretxea, Goitibera konpainia, Jokin Oregi, Aizpea Goenaga, Eneritz Artetxe, Matxalen de Pedro, Oier Guillan edo Pez Limbo konpainia, aurtengo jaialdian izango diranak.
Lautan Hiru antzerki jaialdirako bonoak bihartik aurrera egongo dira salgai 7 euroan. Cafe Bar Bilbaon eta Biran salduko dira. Sarrera bakanak ekitaldi bakotxa hasi aurretik erosi ahal izango dira 4 euroan. Zezeilaren 2, 9, 16 eta 23an izango dira saioak.