Hile luzeetako lanaren ostean, bere lehenengo diskoa kaleratu dau Deñe Garcia-Bravo abeslariak: Isladen itzaletan EPa. Azpeitiko gaztearen proiektua da honakoa, banda eta guzti. Izan be, Deñek ondoan daukaz Maialen Urretabizkaia donostiarra (pianoa), Paula Moreno durangarra (bateria) eta Olatz Azpiazu azpeitiarra (gitarra).
Deñek kontau deuskunez, txiki-txikitatik dabil musika munduan. Zortzi urtegaz pianoa joten ikasten hasi zan Azpeitiko musika eskolan. Geroago gitarra eta kantoko klase batzuk hartzera animau zan, eta lehenengo letrak idazten be hasi zan. 14 urtegaz konposau eban bere lehenengo kantua, Azken agurra. 2020ko Gaztea Maketa lehiaketako finalistea izan zan eta Kutxa Kultur Musika 2022 egonaldi programan be parte hartu dau.
Egonaldi programa honi esker, Deñek bere lehenengo diskoa argitaratu dau aurtengo udan. Berak idatzitako bost kantu bildu dauz Isladen itzaletan disko laburrean. Abesti guztiek gai bera, “autoezagutza prozesu bat” lantzen dabela esan deusku Azpeitiko abeslariak.
Deñek Hiriko Soinuak lehiaketako finalean parte hartuko dau asteon. Barakaldoko Udalak sustatutako musika lehiaketa honek Euskadiko talde eta bakarlari barriak bultzatzen dauz. Aurten 142 artistak emon dabe izena eta epaimahaiak aukeratutako 9 finalistek irailaren 23an (18:30etatik aurrera) zuzenean joko dabe Barakaldoko San Bizente parkean. Deñe, Benizze eta PainApple dira kategoria nagusiko finalistak. Laztana laztana, Lorreine eta Yeray dira Barakaldoko artista onenaren sarirako hautagaiak, eta Bardintasun sariko finalistak, barriz, Anixe, Eva Martín eta Sofía V. Hiriko Soinuak lehiaketako irabazleak finaleko kontzertuan ostean jakinarazoko dira.
Hiriko Soinuak 2023 finala
18:00 Ateak irekitzea
18:30 Laztana laztana
19:00 Sofía V
19:30 PainApple
20:00 Yeray
20:30 Eva Martín
21:00 Benizze
21:30 Anixe
22:00 Deñe
22:30 Lorreine