Egoitz Urrutiak Mungian zazpi kamioiren zerbitzua eskaintzen dauen Urrutia Garraioak enpresako kidea dauka. “Lantegietako produktuak garraiatzen doguz, Gamesako piezak edo transformadoreeak besteak beste. Estadu osotik ibiliten gara gaur bertan Mungiatik urtengo dauen kamioi batek Cadizerainoko distantzia beteko dau” esan deusku Egoitz Urrutiak. Enpresari bizkaitarrak esandakoaren arabera, gero eta gatxagoa da garraiolari gazteak aurkitzea. HIRU sindikatuaren berbetan garraioaren sektoreak hobetu beharreko lan baldintza asko dagoz. “Aste osoa etxetik kanpo lanean edo kamioi barruan pasau behar badabe eta soldata on bat ez badago, gazteak ez dagoz kamioilari lan egiteko prest. Lan baldintza duinen premina handia dago” esan dau HIRU sindikatuko Jon Altunak.
HIRUren esanetan polizia batzuk, tren gidariak, hegazkin pilotuk, suhiltzaileak eta beste sektore batzutako profesionalak 60 urtegaz jubiletan dira. Garraiolariak be adin beragaz jubilau beharko litzatekezala esan dau Jon Altunak. “60 urtegaz jubiletako aukerea gazteentzat pizgarri bat izan leiteke. Garraioarena oso lanbide gogorra da, nekea eta ikusmen arazoak igerten dira” zehaztu dau HIRUko ordezkariak.
Bestalde, Bizkaiko errepideetan garagarrilaren 1etik bidesari barriak ezarri dabez A-8 autobidean, Txorierriko sahiesbidean eta Kanpazar mendatean. “Ez dira bidesariak, zigorra dira” esan dau Jon Altunak.