EHUk, EHu-iBio izeneko zentroa sortuko dau. Pertsona, animali eta landareen osasunean ingurumenak daukan eragina aztertzea da helburua. Aurreko astean iragarri zan zentru honen sorrerea. EHUren Gobernu Kontseiluak aho batez hartu eban erabagia. Urtebete inguru egin dabe honakoa bultzatzen. Ehun ikertzaile baino gehiago egongo dira Leioako Kanpusean dagoan Maria Goyri izeneko eraikinean lanean. Zientzia eta Teknologia Fakultadea, Medikuntza zein Erizaintzako fakultadeetako ikertzaileak izango dira. Euren arteko alkarlana azpimarratu da. Aipatzekoa, ikerketa-taldeen arduradunen %70 emakumeak direla. EHU-iBio zentroan, One Health edo Osasun Bakarra izeneko nazinoarteko ikuspegitik egingo dabe lan. Iratxe Zarraonaindia, zentruko zuzendariordea da eta berak azaldu deusku ikerketea era integralean egitea suposatzen dauala horrek, arlo guztiak ikertuz.
Aldaketa klimatikoaren eragina
Esan behar, ingurumenak eragin handia izan leikela pertsonen, animalien eta landareen osasunean. Bizitzen ari garen aldaketa klimatikoak daukan eragina ikertuko dabe zentro barrian. 13 ikerketa-talde finkatuko dira eta danetariko taldeak osotu dira. 29 ikertzaile nagusi egongo dira taldeetan. Iratxe Zarraonaindia bera be badago taldeetariko baten. Bere ikerketea zein dan azaldu deusku. Besteak beste, mahastietan erabiltzen diran pestizidak eta erleak dira bere ikerketan ardatz nagusia.
