Goizeko Izarretan saioan Ekaitz Goienetxea, Bermeoko Talako kantinaren arduradunetako bat euki dogu gaur. Bertan, azken urtean euren establezimenduan euskararen erabilera neurtzeko egindako lanaren xehetasunak azaldu deuskuz. “Ikerketea naturaltasunez eta inertziaz sortu zan. Gure bazkide dan Janirek iniziatibea hartu eban eta euskerearen erabilerea zenbaterainokoa zan aztertzeko beharra ikusi eban” azaldu dau Goienetxeak. Metodologia sinple bat garatu dabe, fitxa bat diseinau eta bertan alkarrizketen hizkuntzea jaso dabe. Urtebeteko lanaren ostean, emaitzak nabarmenak izan dira: alkarrizketen %80 euskaraz egiten dabez eta %15ean hasiera batean gaztelaniaz izan arren, euskaraz jarraitzea lortu dabe.
“Konturatu gara euskaraz aritzeak arreta handiagoa eskatzen deuskula, baina baita bezeroakaz harreman hurbilagoak eta atseginagoak sortzen dauzela be” adierazo dau Bermeoko Tala Kantinako kideak. Bezeroek oso positiboki balorau dabe ekimena. “Bermeon asko eskertzen da euskaraz egitea. Jendeari etxean lez sentitzea gustetan jako” gehitu dau Ekaitz Goienetxeak.