Euskal ordezkaritza batek bidaia egin barri dau El Salvadorrera, egoerea bertatik bertara ikusteko

Bukeleren garai honetan atzerakada handia egin dabe giza eskubideetan El Salvadorren

El Salvador giza eskubide aldetik penagarri dagoela ikusi dabe euskal ordezkariek

Pandillak desegiteko salbuespen-araubidea erabilita, bere aurka egiten dauen edonor kartzelan sartzen dau Bukele presidenteak eta ikarea da bertan nagusia. Zuzenean ikusi eta bizi izan dabe hori urtarrilaren amaiera aldera El Salvadorren egondako euskal ordezkariek. Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebilzarreko eta euskal erakundeetako ordezkariak egon barri dira bertan, eta xehetasunen barri emon deuskue gurean Maitane Ipiñazar EAJko legebiltzarkideak eta Oihana Etxebarrieta EH Bildukoak.

Kezka ugarigaz itzuli dira bertatik. Dinoe salbuespen-araubidea erabilita, gobernuaren aurka zeozer esaten dabenak kartzelan sartzen dituela. Gizarte zibil antolatuta kriminalizetako erabilten dabela, eta demokrazia eta zuzenbide-estadua sistematikoi eta eten barik makaltzen dabela. Kezkatzeko moduko bestelako egoera ugari be ikusi dabe, adibidez prozedura judizialetan berme prozesalik ez daben desagertzeak eta atxiloketa arbitrario eta masiboak. Bertan ez dago errubakotasun presuntzinorik eta delituen gaineko informazinorik be ez jako inori emoten.

Hezkuntzan eta osasunean egindako inbertsinoak asko murritu dira, gastu militarra eta presidentziala lehenetsiz eta handituz. Horrez gain, funtzionarioak kaleratu egin dira. Herrialdean giza eskubideak defendituteko eta gune zibikoa ixteko babesik eta bermerik ez dagoela ikusi dabe. Mogimendu feministeari eta biztanleriari egindako erasoak ugari izan ei dira, bai eta mogimendu sindikalari eta lurrealdearen eta ingurumenaren defentseari be.

Pertsonei eskubideak kentzen deutsiezan legeria ezarten ei da etenik barik. Gainera neska, emakume eta herritarren eskubide eta askatasunen aterakadak larriak izan ei dira urteotan, arau-esparru eta politika publiko oso murriztaileen bidez.

Holakoxeak eta bestelako giza eskubide urraketak ikusi ditue El Salvadorren, nahiz eta bertako gobernuak eta erakundeek egoera hori guztiz ukatzen daben. Alde itzela ei dago herritarrek eta mogimenduek kontetan dabenaren eta gobernuak esaten dauenaren artean. El Salvadorren egondako euskal ordezkariak bertan ikusitakoaren zabalkundea egiten dabilz orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00