Parte-hartzaileek biktimen senideei eta hurbilekoei alkartasuna adierazo deutsee, eta ikerketak argitu arte zuhurtziaz jokatzeko be eskatu dabe

Jazotakoaren larritasunak erantzukizunak aztertzea eskatzen dauela nabarmendu dabe tertuliakideek

Etxebizitzaren arazoa eta tren istripuaren erantzukizun politikoak hizpide Batzar Nagusietako tertulian

Iker Casanovak, Jesus Lekerikabeazkoak eta Ana Berta Campo / Bizkaia Irratia

Goizeko Izarretan saioan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako tertulian, tren istripuaren inguruko hausnarketa egin dabe gaur Iker Casanovak, Jesus Lekerikabeazkoak eta Ana Berta Campok. Parte-hartzaileek biktimen senideei eta hurbilekoei alkartasuna adierazo deutsee, eta ikerketak argitu arte zuhurtziaz jokatzeko eskatu dabe. Era berean, istripua zelan jazo dan argitzea eta, halan badagokio, erantzukizunak zehaztea ezinbestekotzat jo dabe, antzeko gertaerak barriro ez izateko. Erantzukizun politikoen inguruan be eztabaidatu dabe. Alde batetik, ikerketaren emoitzak ezagutu aurretik ondorioak ateratzea saihestu behar dala defendatu dabe; bestetik, gertautakoaren larritasunak erantzukizunak aztertzea eskatzen dauela nabarmendu dabe. Edonola be, biktimen eta familien mina errespetetea lehenetsi dabe.

Etxebizitzaren arazoa izan da beste gai nagusietako bat. EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu deutso azpiegitura-enpresaren bitartez etxebizitza eskuragarria sustatzeko neurriak indartzea. Horrez gain, alokairua eta etxebizitza erostea errazteko zerga-neurrien garrantzia azpimarratu dabe, eta erakundeen arteko koordinazinoa eskatu dabe etxebizitza krisiari aurre egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00