Hauteskundeei begirako inkestek PSEri legebiltzarkide bi gehiago emoten deutsuez. Goizeko Izarretan izan dogun Eneko Anduezak (PSE-EE) berretsi dau inkesta guztiek alderdi sozialisteari gorakadea emoten deutsela. “Bozkak alderdi guztietatik jasoko doguz, jendeak gure lana zintzoa dala ikusi dau. Enplegu, garraio, etxebizitza eta turismo arloetan oso lan ona egin dogu, eta erakundeei egonkortasuna emon deutsegu” adierazo dau Anduezak. PSEko buruak esan dau gero eta garrantzia handiagoa dabela eta horrenbestez hurrengo Jaurlaritzan pisu handiagoa euki beharko leukiela.
Osakidetza
Inbertsino publikoetan Osasun sailari begirakoak lehenetsi beharko litzatekezala uste dau Anduezak. “Pradalesek esan dau entzuketa fase baten dagoala, apur bat berandu akaso. Otxandianok dino kontratazino politikea aldatu behar dala, hor zeozer egin leiteke baina hortik harago erronka demografikoari aurre egin behar jako. Gero eta gaixo kroniko gehiago dekoguz, eta osasun eta zaintza sistemak batu beharko litzatekez” azpimarratu dau PSEko lehendakarigaiak.
Autogobernua
Estatutuaren garapenaz eta barritzeaz berba egiterakoan, Anduezak EAJri EH Bilduri begira egon izana leporatu deutso. “Estatutua barritzeko bidean beti egon gara baina EAJk azken legegintzaldian bide hori pasau dau EH Bildugaz erabagite eskubidea mahaiaren gainean jarteko bat eginda” azaldu dau Anduezak. Espainian eredu federala ezarri behar dala uste dau PSE-EEko hautagaiak eta horretarako konstituzinoa aldatzearen alde agertu da.
Nekazarien egoeraz, zergei buruz eta Alberto Nuñez Feijoori buruz be berba egin dau Eneko Anduezak Goizeko Izarretan saioan.