Erakusketa bi be ikusgai dagoz: bata Arranztaleen museoan eta bestea Nestor Basterretxea aretoan

30 erraldoi batuko dira domekan, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko

Erraldoien Bilkurea Bermeon

Bermeoko erraldoiak / Bizkaia Irratia

Aurten 20 urte beteko dira Bermeoko Erraldoien Konpartsa sortu zanetik. Hamarkada bi honeetan zehar, konpartsak herriko jai-giroaren, kultur transmisinoaren eta herri-nortasunaren parte bihurtu diran pertsonaka zaindu, sustatu eta bizirik mantendu dauz, hainbat herritarren konpromisoari eta lan boluntarioari esker. Urteurrena dala eta, Bermeoko Erraldoien Konpartsak hainbat ekimen antolatu dauz, bere ibilbidea herritarrakaz partekatzeko eta azken 20 urteetan egindako lana balioan jartzeko.

Urteurreneko ospakizun unerik esanguratsuena, bagilaren 14an izango da, domekan. Erraldoien Bilkura egingo da. Euskal Herriko hainbat txokotako konpartsak alkartuko dira Bermeon, eta danetara 30 erraldoi inguru bilduko dira herriko kaleetan zehar. Topaketaz gain, urteurrenaren harira, erakusketa bi be atondu dabez. Arrantzale museoan konpartsaren 20 urteko ibilbidea jasotzen daben argazkiak eta ikus-entzunezkoak dagoz ikusgai. Nestor Basterretxea aretoan, barriz, erraldoien panpinak, kartel historikoak eta bestelako objektuak bildu dabez.

Joseba Batiz Bermeoko Erraldoien Konpartsako presidenteak gogoratu dauanez, 2002. urtean Anton eta Josefin arrantzale eta saregin erraldoiak eta buruhandi bi egin ziran. Urte bi geroago, Lorentzo eta Mari erraldoi baserritarrak eta beste buruhandi bi egin ziran. Orduan Ondalan eta Mendi Aldeko konpartsetako kideak joaten ziran Bermeora erraldoiak dantzan ataratzen. 2006. urtean, baina, Bermeoko Erraldoien Konpartsea sortu zan eta lehenengo ekitaldia egin eben. Gaur egun konpartsak 20 lagunetik gora batzen dauz, eta herriko jai eta ekitaldi nagusietan parte hartzen dabe. Belaunaldi barrien sarrerari esker, etorkizunari baikor begiratzen deutse.  

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00