Bagilaren 23ra bitarteko epea dago izena emoteko

Hirugarrenez abiatu da 'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' ekimena

Euskadiko Orkestragaz kantau gura dozu?

'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' ekimena / Bizkaia Irratia

Abian da Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimena. 132 ahots behar dabez aurten. Hirugarrenez egingo da ekimen hau. Profesionalak ez diren abeslariek, aukerea daukie Euskadiko Orkestragaz batera aritzeko. Kontzertuak zemendian izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Kursaal jauregian eta Iruñeako Baluarten. Orain arteko edizino bietan, harrera oso ona izan dau ekimenak parte-hartze kopuruari jagokonez eta publikoari jagokonez. Euskadiko Orkestratik Jose Inazio Usabiaga zuzendari teknikoak azaldu deusku orkestra inklusiboa izateko bidean hartu eben erabagia izan zala ekimen hau. Abesbatzetan ari diranei begira edo kantatzea gustokoa dabenentzat dago zabalik egitasmoa.

Izena emon

Ekimenean parte hartu gura daben herritarrek bagilaren 23ra bitarteko epea daukie. Webgunean emon behar dabe izena. Ezinbestekoa da gitxieneko musika-prestakuntza bat izatea. Ostean, zozketea egingo da. Aukeratutako herritarrek, 10 entsegu izango dabez irailaren 16tik zemendiaren 20ra bitartean. Lehenengo hirurak Bilbon izango dira, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan. Gainontzekoak Miramonen izango dira. Iñaki Arkotxa bizkaitarrak aurreko edizino bietan hartu dau parte. Irakaslea da bera lanbidez eta musikan aritutakoa, baxu-jolea da hain zuzen. Kantatzera animau zala esan deusku eta asko gozatu dauala orain arte. Lehenengo edizino bietan hartu dau parte eta hirugarren honetarako izena emon dau dagoeneko.

Errepertorioa

Zuzeneko emonaldiak zemendiaren 24an hasiko dira Iruñean. Bilbon, hurrengo egunean izango dira eta Donostian zemendiaren 26 eta 27an. Errepertoroari jagokonez, aurten, lehenengoz, zarzuela bat eskeiniko dabe, Amadeo Vivesen Doña Francisquita. Bestelakoan, errepertorioan beti egoten dira euskal sortzaileak eta opera sortzaileak. Aurten, Iparragirre eta Sorozabalen Hara nun diran eskeiniko dabe eta Verdiren Lombardi operea aukeratu dabe. Euskadiko Orkestraren 2026/2027ko denboraldiaren barruan sartuko diran emonaldiak izango dira honako honeek. Denboraldi barria laster aurkeztuko dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00