Iruñeako Broken Brothers Brass Band taldeak 20 urte bete dauz. 2006. urtean sortu zan talde hau. Amama Luisa Brass Band taldeko kideak izan ziran sortzaileak. Iruñeagaz lotuago egoan talde bat sortzea izan zan euren asmoa. New Orleanseko talde barrien soinua eskaintzen dabe, funk, gospel eta jazz modernoa jorratuz. Azaltzen dabenez, inprobisazinoa, kolektibotasuna eta komunidadea dira euren estiloaren oinarri nagusiak. Musika talde honen 20 urteko ibilbidean, hiru aldi azpimarratu dauz Ion Celestino tronpeta joleak. New Orleanseko estiloa ikasteko garaia izan zan hasierakoa. Belaunaldi barriak sartu ziranekoa aipatu dau eta azkenik azken urteetan garatu daben joera, hau da, euskal doinuakaz buztartzearena.
Diskoa eta kontzertuak
Hogeigarren urteurrena dala eta XX diskoa kaleratu dabe. Hamalau kantuk osotzen dabe honakoa. Agur Jaunak abestiaren intepretazino berezi bategaz hasten da diskoa.Taldearen orain arteko ibilbidea jasotzen dauan lana dala azaldu dabe. Euren esanetan, disko hau, orain arteko konposizino-lanik kolektiboena da. Kalea izan da talde honen eszenatoki nagusia eta orain, diskoa aurkezteko, aretoetara joko dabe. Bihar, Bilboko Kalderapekon izango da Broken Brothers Brass Band iluntzeko zazpiretan. Madrilen izango dira zemendiaren 7an, Iruñean 14an, Gasteizen 20an eta Durangoko Azokan abenduaren 5ean. Kaleko festa, aretoetara eroango dabe. Zuzenekoetan, eskuragarri egongo da XX izeneko diskoa. Binilozko 200 kopia argitaratu dabez.
