BBK-k eta Lurgaia Fundazioak bultzautako proiektuak 5.655 boluntario izan ditu

40 kokagune baino gehiago zaharbarritu dira, tokiko baso-masaren berreskurapena prozesu kolektibo bihurtu daben herritarrei esker

BBK Basoak 10 urte bete ditu 36.000 zuhaitz eta 60 hektarea baso autoktono landatuta

Muxikako Astelarra auzoan 1.500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu dabez astegoienean / BBK Klima

10 urte bete dira aurton BBK-k eta Lurgaia Fundazioak BBK Basoan lehen zuhaitza landatu ebenetik. Proiektua anbizino argi bategaz jaio zan: herritarrak Bizkaiko ondare naturalaren berreskurapenean inplikatzea eta balio ekologiko handiko baso autoktonoen lehengoratzean aurrera egitea. 10 urte horreetan, 36.446 zuhaitzek eta zuhaixkek euren lekua hartu dabe barriro paisaian, eta berreskuratutako baso autoktonoko 60 hektareari forma emon deutsee, gaur egun hazten, hedatzen eta bizibarritzen diranak. Urteurrenaren harira, Ainhoa Elortegi BBK Klimako zuzendariagaz egin dogu berba.

Landaketa bakotxaren atzean personak dagoz: 5.655 boluntario, pala eskuan, ingurumena lehengoratzea keinu kolektibo bihurtu dabenak. Horreei esker, proiektua Bizkaiko 40 gune baino gehiagotara iritsi da, Undabasotik Gaztelugatxeraino, Matxitxako, Arratzu, Bermeo, Madariaga dorrea, Morga, Zalla, Leioa, Mallabia, Gerekiz, Bakio, Arrankudiaga, Igorre, Arburu, Berrekondo, Burgoa, Bermeo, Ziortza-Bolibar, Amunategi edo Belatxikieta igarota.

Proiektuaren urteurrenagaz bat eginez, BBK-k eta Lurgaia Fundazioak BBK Basoaren edizino barri bat egin dabe, urriaren 23an, helburu argi bategaz: Muxikako Astelarra auzoan 1.500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzea. Aurtengo edizinoa proiektuaren hamarkadaren ospakizunaren eta BBK-k sustautako ingurumen-sensibilizazinoko ekintzen zabalpenaren barruan kokatu da. Ganera, Asteklima 2026ko jarduerekaz bat egin dau, herritarren parte-hartzearen eta ekintza klimatikoaren arteko lotura indartuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00