Inoizko egitarau zabalena antolatu dabe Ondarroako Literatur Amuak jaialdian. Bihar hasi eta zemendiaren 22ra bitartean egingo da. Hilabete honetan hamalau jarduera eskeiniko dira herriko txoko desbardinetan. Literaturaz gain, zinema, poesia, ilustrazinoa, musikea, bertsolaritza, antzerkia eta bestelakoak eskeiniko dira. Mikel Santiso Ondarroako Udaleko komunikazino arduradunak esan deuskunez, Literatur Amuak, sormen jaialdi osoa bihurtu da. Euskerazko sormena nagusi. Ondarroako Udala eta herriko alkarteak dira jaialdiaren antolatzaileak. Herrian dagozan sortzaileek be laguntza handia emoten dabe. Santisoren esanetan, sortzaileak, herritarrak dira lehenengo eta horrek jaialdia antolatzeko lana errazten dau. Aurten, ganera, protagonismo berezia izango dabe herriko sortzaileek. Pilar Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Mikel Etxaburu, Xabat Lertxundi, Joxemari Urteaga… Bihar hasteko, Zientziaren Giltzak alkarteagz batera Soinuaren zientzia. Ahots bat mila ahots izeneko narrazino musikatua eskeiniko dabe Maraian Atria biolin jotzaileak, Ugaitz Alegriak eta Nerea Gartziak. Ekitaldi berezia biharkoa, Santisoren esanetan.
Sarien banaketea
Literatur Amuak jaialdian Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren eta Nanoipuin lehiaketaren sari banaketak egiten dira. Zemendiaren 5an izango da aurten. Ekaitz Herrerak idatzi dau iazko bekatik sortutako Neguberria izeneko lana. Nanoipuin lehiaketan hiru sari emongo dira. XV. lehiaketea da aurtengoa. Bestalde, aurten, bigarrenez, Arimen Gaua be ospatuko da. Euskal Herriko ohiturea berreskuratzea da ekimen honen helburua. Bertsolaritzeagaz lotutako saioak, liburu-aurkezpenak, kontzertuak, berbaldiak, mahai-inguruak… Danetarik izango da aurten Ondarroan. Zemendiaren 7an egingo dan bertso-bazkarirako sarrerak behar dira, baina gainontzeko ekitaldiak doakoak dira. Sarrerak Turismo Bulegoan eta Antiguako Ama tabernan dagoz salgai.
