Euskal Herriko Dantza Agerketaren 52. edizinoa egingo da Basaurin irailaren 20tik 22ra bitartean. Basauriko hiru dantza taldeek antolatzen dabe ekimen hau, Agintzarik, Basauritar taldeak eta Edurre taldeak. Euskal folklorea bere horretan mantentzen daben taldeak suspertzeko eta ezagutzera emoteko ekimena izaten da. Aurten bost talde arituko dira eta jarduera osogarriak be antolatu dira.
Iparraldeko taldea
Beskoitzeko “Oinak Arin” taldeak hartuko dau parte aurten Basaurin. Bizardantza dibertigarria eskeiniko dabe. Talde honez gain, beste lau arituko dira. Gipuzkoatik “Oñatz” dantza taldeak eskeiniko dau ikuskizuna. Oñatiko talde honek “korpus dantzak” eskeiniko dauz. Nafarroako Olite-Erriberriko “Txibiri” taldeak bitartean, landa-inauteriak antzeztuko dabez. Arabatik, Guardia-Biasteriko “Katximorro” arituko da. San Juan eguneko dantzak aurkeztuko dabez. Azkenik, Bizkaitik, Bilboko “Beti Jai Alai” taldea arituko da. Basurtuko talde honek Begoñako Soka-Dantza birsortu eta urtero eskaintzen dau abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean. Basauriko Bizkotxalde parkean izango dira emonaldiak irailaren 21ean iluntzeko zazpiretan. Euria egin ezkero, Social Antzokian izango dira emonaldiak.
Bestelako jarduerak
Dantza ikuskizunez gain, haurrentzako tailerrak eskeiniko dira Solobarria plazan. Irailaren 20an, erromeria herrikoa izango da. Txorizoa eta sagardoa be eskeiniko dira eta ostean “Basauri Kantari” hasiko da. Irailaren 22an bestalde, Basauriko euskal dantza taldeen emonaldia izango da, Agintzari, Basauritar eta Edurre taldeena. Bizkotxalde parkean izango da iluntzeko zazpiretan. Euria bada, Social Antzokian izango da.