Gabriel Aresti poeta bilbotarraren orain arte ezagutzen ez zan filmazino bat topatu dau Jon Kortazar ikertzaile eta katedradunak Espainiako Telebista Publikoaren artxiboan. 1969koa da, Ateneo saiorako egindakoa, eta bertan Aresti Juan San Martin eta Ibon Sarasolagaz batera agertzen da. Kortazarrek ezagutzen dauan neurrian, poetaren irudiak jasoten dituan orain arte ezagutzen dan grabazino bakarra da.
Aurkikuntzearen abiapuntua Arestik Manuel Maria poeta galiziarrari 1969ko abuztuan idatzitako gutun bat izan da. Bertan, Espainiako Telebista Publikoaren bigarren kateko Ateneo saio baten parte hartu ebala aitatzen eban. Errastu horretatik tiraka eta hainbat gestino egin ostean heldu da Kortazar RTVEren artxiboan gordetako filmazinora. Bederatzi minutu eta erdi inguruko grabazinoan, Arestiren ibilbide poetikoaren inguruko hainbat gai jorratzen dira, tartean, Harri eta Herri, poesia librea eta bertsolaritzaren eragina. Ganera, Arestik euskerazko poema bi errezitatzen dauz kameren aurrean.
Jon Kortazarrek materiala ikertzen jarraituko dau. Hurrengo pausua filmazinoaren transkripzinoa egitea eta bertan Arestik egindako adierazpenak sakonago aztertzea izango da.
