Arkeologoen itxaropena Vecunia herriaren arrastoak aurkitzea da

Begoñako Basilikan lehenengo katak egun batzuk barru egingo dabez

Gaspar Martinez: “Bizkaiko jendea zelan eratu zan adituteko aztarnategia Begoñan egon leiteke”

Gaspar Martinez (Bilboko Gotzaitegiko Kultura eta Ondare arduraduna) / Bizkaia Irratia

Miguel Unzeta eta Fenando Fernandez arkeologoek 2001ean argitaratutako txosten batek antxinako Vecunia balizko herriaren datuak batzen dauz. Arkeologo honeek dinoe Vecunia antxinako herria Begoña, Malmasin edo Bilbo Zaharra inguruan lurperatuta egon leitekeala. Euren hipotesia Gabriel Henao jesuiteak XVII. mendeko testu baten idatzitakoan oinarritzen da. Henaok testu horretan dino Loiu eta Gatika arteko lurretan, errota baten harrian grabauta honako esaldia topau ebela: «Vecunienses hoc munierunt». Honen itzulpena, hauxe Vecuniarrek eregi eben. BFAk eta Bilboko Gotzaitegiak urtebetez Begoñako Basilikan egingo dabezan indusketen lanen barri emon eben orain dala aste gitxi. Gaspar Martinez, Bilboko Gotzaindegiko Kultur eta Ondare saileko arduradunagaz Goizeko Izarretan irratsaioan luze eta zabal berba egin dogu.

“Arkeologoek dinoe gitxienez arinagoko eleiza bi eta lurperatze batzuk agertu leitekezala. Horren azpian ez dakie zer dagoan baina euren itxaropena Vecunia herriaren arrastoak aurkitzea da” aitatu dau Martinezek. Vecunia herri garrantzitsu bat ei zan. “Asua errekatik Butroe errekara bide bat egin eben haran biak lotzeko helburuagaz. Horrek garrantzia komertzial handia eban eta horrek erakusten dau vecuniense -ak oso eraginkorrak zirala. Bide hori egiteko baimenak eta ahalmena behar ziran” azaldu dau Martinezek. Argitzeke dago Vecunia herria erromatarren aurretik edo ostean egon zan.

Begoñako Basilikan urtearen hasieran ekingo deutse indusketa arkeologikoei. Baina asteon edo datorren astean lehenengo prospekzinoak edo katak egingo dabez lurpean zer dagoan jakiteko. Hamabi egingo dabez guztira. Lau gunetan burutuko dabez indusketa arkeologikoak, 1.400 metro koadroko zabaleran, baina basilikearen ehuneko %60 ikutu barik geratuko da eta mezak ospatzen jarraituko dabe lanek irauten daben bitartean; urtebete inguru aurreikuspenak beteten badira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00