
Bidea egin, zerbitzatu, besarkatu eta itxaropena barritu lelopean, Bilboko Eleizbarrutiak nerabeak eta gazteak Pazkoa bizitzera eta ospatzera konbidatzen dauz. Zentzuz eta sakontasunez Pazko Hirukoaren ospakizunera hurreratzeko aukerea da, Eleizbarrutiko beste pertsona eta talde batzuekaz batera. Adin tarte desbardinetarako egitarau zabal eta aberatsa antolatu dabe Gernika-Lumon, Bilbon eta Berrizen.
Maria Manrique eta Borja Garcia Gazte Pastoraltzako kideek azaldu deuskuenez, Gazte Pastoraltzako hainbat erreferente dabilz ekimena prestetan, begiraleen parte-hartze aktiboagaz. “Itinerario konkretuak sortzen doguz gazteen eta nerabeen beharretara egokituta”, zehaztu deuskue.
Aurten Pazko Ibiltariak, Zerbitzuko eta Alkarteratze Pazkoa, 18-25 urteko Pazkoa eta 25 urtetik gorako Pazkoa egingo dira. Gernikak (San Fidel ikastolan eta Mesedeetako ikastetxean) Pazko Ibiltari bi hartuko dauz, 14-16 urte arteko gazteentzat. Bilboko Begoñazpi ikastolan Zerbitzu Pazkoa eta Alkartaratze Pazkoa egingo dira, 16-18 urte bitarteko gazteei begirakoak. 18-25 urtekoentzat, Pazkoa Berrizko Maturana aterpetxean egingo da. Eta 25 urtetik gorako gazte eta helduentzako Pazkoa, barriz, Berrizko Barnezabal espiritualtasuna etxean izango da. Maria Manriquek azpimarratu dau azken urteetako esperientziek erakutsi dabela parte hartzaile asko euren taldeetan konpromiso handiagogaz itzultzen dirala. “Oso aukera polita da beste gazteakaz bizipena partekatzeko eta Jesusen azken egunetan sakontzeko” nabarmendu dau Borja Garciak.
Gazte Pazkoetan izena emoteko edota informazino gehiago jasotzeko, Bilboko Eleizbarrutiaren webgunea kontsultau daiteke. infanciajuventud3@bizkeliza.org helbidera be idatzi daiteke. Izen-emotea martiaren 30era bitartean egongo da zabalik.