Getxo Rugby taldeak pertsona guztiak baloi obalaren munduan sartzeko borrokan murgilduta jarraitzen dau. Talde inklusibo getxoztarra Bultza Ligaren sustatzaile nagusietako bat izateaz gain, aitzindaria Euskal Herrian eta Estatuan, kluba Bizkaiko beste proiektu barritzaile baten parte da. Dagoeneko Bizkaia Espetxean garatzen ari dan programa da, “Errugbia giza eraldaketa modura” izenekoa. Jarduera honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, Berdintasun, Justizia eta GizartePolitiketako Sailaren bitartez.
Getxo Rugby taldeak Bitartesport irabazi asmorik bako alkarteagaz batera parte hartzen dau. Hainbat mailatan, kirolaren, gizartearen eta komunitatearen arteko harremanak eta loturak bultzatzen dauan alkartea da. Bion helburua errugbia gizartea eraldatzeko eta hazkunde pertsonalerako tresna izatea da, bere balio onen transmisinoari esker. Pertsona guztiei inklusinorako, banakako eta taldeko garapenerako aukera emoten deutsen kirola aprobetxatzea. Aitor Larraona taldekoak emon deuskuz azalpen guztiak.