Gorabideko erabiltzaile talde batek San Mames eta Athletic Museoa bisitatu dauz gaur, alkarteak udarako antolatutako oporretako programearen barruan. Egun bateko urteeren egitarauaren parte izan da jarduerea, eta aisialdiaz harago, adimen desgaitasuna daben pertsonen gizarte-partaidetza eta presentzia inklusiboa sustatzea dau helburu.
Aurten, Gorabidek zortzi eguneko 13 bidaia eta Bizkaian zehar antolatutako 24 eguneko urteera eskainiko deutsez 282 erabiltzaile eta 113 boluntariori. Eider Pertika Gorabideko aisialdi arduradunak azaldu dauenez, programea aisialdiko jardueretatik harago doa, eta parte-hartzaileen autonomia, inklusinoa eta komunidadeko parte-hartze aktiboa indartzea dau xede.
San Mameseko bisiteaz gain, udako egitarauak beste hainbat jarduera be jasotzen dauz, halan zelan, itsasadarrean itsasontziz ibiltea, Getxoko kostaldean bela jarduereak egitea, Salburuako hezeguneak edo El Pobal Burdinola bisitetea, eta Santander edo Laredorako txangoak.
Paule Maguregi monitoreak nabarmendu dau horrelango urteeren atzean prestaketea handia dagoala, jarduera guztiak parte-hartzaile bakotxaren beharretara egokitzeko. Helburua esperientzia segurua ez eze, aberasgarria be izatea da, parte-hartzaileek ingurune barriak ezagutu eta gizarteko espazio publikoetan modu naturalean parte hartu daien.
